kontaizu.net
------------------------------------------------------------------------
Musikan Irautea bakarrik luxu bat da
Oñati,1956. Deustuko eta Bartzelonako unibertsitateetan ikasi zuen.
Bilbon ikasle zebilen garaian, Pott banda literatur taldea antolatu zuen Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla, Joxe Mari Iturralde eta Jon Juaristirekin batera.
1980an atera zuen lehen diskoa, Denetariko kolaborazioak egin ditu, baita hainbat proiektutan parte hartu ere. Hiru Trukurekin, adibidez, zenbait kantu zahar berreskuratu zituen 1994an eta 1997an.
Frankismoaren azken urteak bizitzea egokitu zitzaion Ruper Ordorikari, garai zailak bere esanetan. Euskaraz hitz egiteagatik zigortu egiten zituzten eskolan, eta horregatik, hain zuzen, erabaki zuen euskaraz kantatzea. Ordutik hona ibilbide luzea landu du


Musika duzu pasio, arrazoi zehatz bategatik agian?
Umetatik maite dut. Plaza guztietan musika bandari begira dagoen mutiko antiojodun bat egon ohi da beti, eta, nire garaian, neu nintzen hura. Zorionez, sasoiak aldatu dira, nirean ezinezkoa baitzen erabat musikari izatea. Orain talde batean aritzeko zein herri musikan sartzeko erraztasun handiagoak daude. Erraztasun formalak, nolabait, zeren zailtasunak oraindik ere badaude.
Bai?
Musikariarena azken langintza da. Esaten denaren aurka, gizarteak gutxien estimatzen duen arloa da. Musikari interpretea ez dago batere zainduta; ez dauka inolako begirunerik.
Beraz, zergatik hasi zinen kantuan?
Nire sasoian, kantuan euskaraz aritzea gauzarik debekatuena zelako hasi nintzen. Orduan ez zegoen gauza debekatuagorik. Bestetik, euskal munduan ez zegoen nik entzun nahi nuena. Gustukoak nituen orduko gauza asko, baina ez zegoen zehazki nik egingo nukeena.
Hain zuzen, eskaintza gutxi egongo zen rockaren inguruan.
Ordurako bazeuden talde batzuk, Errobi eta Koska adibidez. Itoiz ere orduan agertu zen. Hizkuntza menditik ateratzeko gogoa zegoen, gauza berriak egiteko beharra. Gauza asko zeuden apurtzeko. Euskal mundua erabat boluntarioa zen; ez zegoen egiturarik, eta, beraz, sortzaile izateko aukera handiak zeuden. Egoera eraldatzeko aukera geneukala uste genuen, eta sentsazio horrek indar handia ematen du. Urrats bakoitzak zanpatu gabeko lurralde batera eramaten gintuen.
Era berean, babes gutxiago edukiko zenuten.
Baina nola gauzak etorri bezala egiten nituen, ez nuen gehiegi pentsatzen geroak ekarriko zuen horretan. Dena den, urte batzuk ez ziren batere samurrak izan. Nahiz eta inguruan nire lanarekin interesatzen ziren lagunak nituen, eta kritika ere alde nuen, segurtasun falta handia neukan. Batez ere, bigarren diskoa egin eta gero. Ez neukan argi kantuan jarraitu behar nuen ala ez. Zaila zen egiten nuen horretarako entzulego bat irudikatzea.
Zer musika mota entzuten zenuen orduan?
Denetarikoa, baina oso anglofiloa izan naiz beti. Rythm and bluesa, rocka..., horrelakoak entzuten saiatzen nintzen, baina kantu zaharrak ere. Gure aurreko euskal kantariak oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Azken finean, musikaria baino lehenago musika zalea izan beharra dago, baina ez pentsa beti horrela denik. Musikarik entzuten ez duten musikari asko ezagutzen ditut.
Bernardo Atxagaren zein Joseba Sarrionandiaren poemak musikatzeaz gain, zenbait diskotan zure letrak ageri dira.
Bigarren diskoan hasi nintzen nire letrak sartzen. Dena den, Euskal Herrian musikarien artean asko gertatzen da hori, hau da, poeten testuak kantatzea eta ez norberarenak. Gutako askorengan segurtasun falta handia dagoen seinale izan daiteke. Jendeak testu bat ontzat jotzen duenean, zuk hori kantatu eta bide erdia eginda daukazula uste duzu. Baina denborarekin konturatzen zara testu on batek ez duela zertan kantu bat on egiten. Bi gauza ezberdinak dira. Ez da hain bitxia, koloretan gauza bera gertatzen baita. Kolore bat eta bestea oso egokiak izan daitezke, baina batera ez. Kantua ez da hitza bakarrik, eta alderantziz.
Hautsi da Anphora lehen disko haren ostean, hainbat kaleratu dituzu. Zer ikasi izango zenuen ibilbide luze horretan, ezta?
Bai, niretzat dena da ikasbidea. Ikasgai handiena agertokiko harremanak izan dira. Orain, gogoratzen jarrita, euskaldungoari asko eskatzen diogula konturatu naiz. Gure lehen emanaldi negargarri haiek jasan behar izan ditu, saio onak ere, eta horrela jendaurrean aritzen ikasi genuen arte. Horrek erakusten du hemen badagoela egarri bat, kantua entzuteko gogoa. Tamalez, estiloetan neurri batean pixka bat geldirik dago hemengo musika. Oraindik, euskal jende askok euskal kantua gauza bat dela pentsatzen du, eta musikari askok hesi hori gainditu behar dute beraiek ere euskaldunak direla erakusteko. Baina, hori kenduta, hasieratik zortea eduki dudala uste dut. Geroz eta gehiago gozatzen dut lanbide honetan.
Exijenteago bihurtu zara?
Gehiago esango nuke orekara iritsi naizela. Baina ez dut uste kantagintzan soilik, baizik eta gauza guztietan. Lan batekin jartzen zarenean, barruan entzuten duzuna gauzatzen saiatzen zara. Baina behin zerbaitera ailegatuz gero (entzulego bat izatera eta abar), autokonplazentzian ez erortzea da garrantzitsuena. Nire ustez, horixe da oreka. Azken helburua hortik abiatzea litzateke. Horretarako, exijentzia gutxiago nahiko nuke, baina ezin da gainetik kendu. Gogoan daukazuna entzun arte, ez zara lasai egongo. Gero, behin entzunda gero, beste zer edo zer entzuten duzu eta horren atzetik abiatzen zara.
Azkeneko diskoari ekin diozunean, zer bilatu duzu?
Disko hau berez etorri da. Egia esateko, ez neukan pentsaturik. Kantuak eginak nituen, baina ez disko bat egiteko asmoarekin.
Hertzainak abesten zuen euskal rockak ez duela dirurik ematen. Hala da?
Merkatu kontuak dira. Irautea bakarrik luxu bat da. Gauzak horrela jarraituz gero, diskoetxeentzat aro benetan zaila etorriko da eta eragina izango du haien azpian dauden egitura guztietan. Badirudi zuzeneko emanaldiek iraungo dutela, eta, neurri batean, diskoek ere. Lehen pentsatzen zen pirateoak multinazionalei bakarrik eragingo ziela, baina bistan da ez dela horrela. Nire ustez, aurki euskal ekoizpenaren gehiengoa defizitarioa izango da. Gero eta talde gehiago daude, bai, baina kontsumo aldetik arazo handiak ditugu. Horrek bestelako sormen eredua eragingo du. Ikusiko dugu, baina ziur naiz aurrera aterako garela.
Horren aurrean, zeintzu helburu planteatzen dizkiozu zeure buruari?
Ez zait horrela berba egitea gustatzen etsipenetik ari naizela ematen duelako (eta ez da horrela), baina diskoak egiten jarraituko dut. Nireak ondo saltzen dira, badut zorte hori, eta kantuan aritzea beste helbururik ez daukat. Baina, oro har, arazo larriak planteatuko zaizkigu epe laburrean. Horretaz maiz pentsatu dut, eta aldaketa horiek sortzaileengan zer eragin izango duten jakin nahiko nuke. Gainerakoan, oso argi dago zer gertatuko den. Diskoak, euskarri bezala, ez dauka iraupenik eta industriak oraindik ez du erabaki zein izango den haren ordezkoa. Zentzu horretan, badut zenbait pribilegio neure gauzak egiteko aukera baitaukat. Ziur naiz hasiberri batek beste modu batera ikusten dituela gauzak. Teknikak diskoak etxean bertan egiteko aukera ematen dizu, baina horrek, era berean, merkatua disko berriekin leporaino beteta egotea dakar. Beraz, diskoaren balioa behera doa; balio artistikoaz ari naiz, jendeak gaineratzen dion gogo kulturala. Gutxi barru, musika entzutea bosgarren edo seigarren eginkizuna izango da. Lehenengoa eskiatzea izango da, bigarrena tabernan lagunekin egotea eta abar. Horrekin batera etorriko dira erromerien desagerpenak, eta, haien tokian, disck-jokeyak agertuko dira.
Ikuspegi baikorragoa dutenek, liburuaren kasua hartzen dute adibide moduan. Bere garaian, haren heriotza aldarrikatu zen, baina oraindik jarraitzen du gure artean.
Bai, niretzat ere liburua eredua da, nahiz eta azken urteetan zenbat liburudenda desagertu diren konprobatuko bagenu hain baikorrak ez ginatekeen izango. Dena den, liburuaren mundua ezberdina da. Liburua nahi duzunean irakur dezakezu, baina musika nonahi dago. Birtuala da. Azken finean, arazoaren atzean kontsumismoa dago; etxean sekula entzungo ez ditugun diskoak dauzkagu, eta, hala ere, kopiak eta kopiak egiten jarraitzen dugu (ni neu barru). Grabatu ahal den neurrian, zergatik ez grabatu? Ekoizpenak lehen baino garestiagoak dira, eta ez dira erosten. Faktore bat besterik ez da, baina horrek musikarekiko afektua aldatzea ekarri du.
Hain zuzen, prezioen garestitzea aipatzen dute askok disko salmenta jeistearen arrazoi moduan.
Faktore asko daude, eta horietako bat prezioa da. Dena den, hori baino garrantzitsuagoa da industriaren jokabidea. Jendeari sinetsiarazi nahi izan dio bera dela idoloak sortzen dituena, zer saldu behar den finkatzen duena. Eta jendeak dio hori horrela bada, diskoa produktu bat besterik ez da. Beraz, produktu bat denez, merkeago eros badezaket hartu egingo dut. Industriaren erruz, diskoa produktu bat da orain. Lehen zeukan osagai kultural, artistiko eta afektibo guztia kendu zaio.
Orain arte egindakoaren gainean damurik?
Ez dut uste. Ez diot inoiz nire buruari halakorik galdetu. Agian egin ez ditudan gauzengatik izan dezaket damurik. Atzera begira jartzen naizenean, sinestezina iruditzen zait inolako planik gabe hainbeste gauzetan ibili izana. Aurrerantzean ere, horrela ikusten dut neure burua

Estibaliz Ezkerra