Aizu Aldizkaria
------------------------------------------------------------------------
"Poema guztiek merezi dute kantatuak izatea"

"Azken diskoa elaboratua da, baina bat-batean egina" Disko berria dakarkigu Ruper Ordorikak opari, Hurrengo goizean izenekoa. Ruperren betiko moldean emandako kantuak dira eta, aldi berean, berrikuntza dezente erakusten dituztenak. Gauza askoren gainean hitz egin genuen Ruperrekin: Pott bandaz, distantziaz, rock erradikalaz eta denborak ekarritako aldaketez, baina, batez ere, azken diskoa izan genuen hizpide. Disko berriaz berba egiten hasiko gara.

Zer aurkituko dute Ruperren zaleek Hurrengo goizean disko honetan?
Hamaika kantu berri aurkituko dituzte, Ruperrek idatziak, eta zenbait musikarirekin aurtengo udan grabatuak. Diskoak norabide bat baino gehiago dauka baina, era berean, sonoritate batean bilduta.

Diskoan parte hartzen duten musikariena izan da disko honetako konturik aipatuenetako bat. Suposatzen dut horrelako jendearekin lan egitea oso berezia izan behar dela, ezta?
Ez dut lehenengoaldia: gitarra jolearekin grabatzen dudan hirugarren diskoa dut, eta bateriarekin bigarrena. Asko azpimarratu da batez ere baxu jolea, Fernando Saunders, oso ezaguna delako, eta baita euskal musikaren munduan berritasun bat ere badelako. Dena dela, izenarena gutxiena da kasu honetan. Musikari handiak dira, eta eurekin lan egitea gauza berezia da beti. Dabilen harria azkenaurreko diskoa ere horrelaxe egin nuen, hiru musikarirekin. Ordurako banekien beste bat egin behar nuela, eta halaxe izan da.

Grabatzeko modua ere nabarmentzekoa izan da. Sinpletasunaren bila joan ei zara eta freskotasun hori lortzeko kantuak ia entseatu barik grabatu omen dituzue.
Bai, aurrekoa bezala grabatu dugu, batere entsegurik gabe eta denok batera. Dena dela, uste dut musikaz hitz egitea dagoen gauzarik zailena dela. Diskoa zer den adierazteko esaten dugun guztia erraz ulertzen da diskoa entzunda, eta ez dakit noraino behar den gehiago esplikatzea. Freskotasuna aipatzen duzu, eta hori da arazoa, ez dakidala disko fresko bat zer den. Disko hau deskribatu beharko banu, irudiz kontrajarriak diren gauzak esan beharko nituzke: elaboratua da, baina bat-batean egina; alaia da, baina beharbada ez da batere alaia; nire sentsazioa da disko hau gertu dagoela, baina gero entzuten dituzu hainbat soinu eta harmonia, eta pentsa dezakezu oso urruti dagoela...Uste dut hori guztia egia dela, baina baita kontrakoa ere.

Deigarria iruditu zait Fernando Saunders-en partehartzea. Lou Reeden diskoetan oso gauza ikusgarriak egiten ditu baxuarekin, baina disko honetan, lan bikaina egiten duen arren, ez da hain ikusgarria. Nahita egin duzue hori? Lou Reedekin jotzen duenean, Fernandok eramaten du taldea. Reeden diskoetan eta bakarka grabatutako beste hainbat diskotan ere zeregin hori hartzen du, baina gurean beste bat hartu du. Berez sortu da hori, ez da beren-beregi bilatutako zerbait izan. Jendeak, diskoa entzun gabe, asko goraipatzen du Fernandoren parte hartzea, baina diskoa entzuten duenean konturatzen da Fernando ez dela bere burua erakustera etorri.

Letra guztiak zeuk egin dituzu, lehenengo diskoetako joera bazter utzita. Zeure burua espresatzeko beharra, edo musikatzea merezi duten poema falta?
Lehenengo diskoa Bernardo Atxagaren testuekin egin nuen, bigarrenean kantu batzuk nireak ziren, hirugarrenean gehiago, laugarrenean gehiago... Alde horretatik, oso bilakaera normala da. Beste aldetik, uste dut poema guztiek merezi dutela kantatuak izatea, hori seguru. Batez ere, identifikazio kontua da: ez baduzu ikusten, ez duzu egiten. Batzuetan, nahiz beste baten testua izan kantatzen dudana, nirea bezala sentitzen dut. Letretan hainbat gai agertzen dira. Horietako bat, esaterako, galeraren deskribapena, galtzen ditugun edo ihesi doazkigun gauzen aurrean nolabaiteko malenkonia, Bihotz begiekin edo Gorde gordeka kantuetan, esaterako.

Kezkatzen zaitu gai horrek?
Itxura denez, bai. Ez dakit noraino den nostalgia, edo nolabaiteko haserre bat. Denok gaude korapilo horretan sarturik, eta kontradikzioa onartzen jakin behar da, aurrera egingo badugu, baina uste dut benetan nekeza dela. Orain dela hiru urte itzuli naiz nire sorterrira eta ikusten dut nire umetako gauzak aldatzen doazela, eta horren harira saiotxo bat egin dut. Ez dut pentsatzen: orain kantu bat egin behar dut honi buruz; buruan dauzkadan gauzak dira, besterik gabe.

GOLKOTIK
Musikari bat: Martin Carthy.
Azken bolada honetan gehien entzun duzun diskoa: Bob Dylanen azkena eta Kelly Joe Phelps bluesman-aren bat.
Azken urteotan gehien entzun duzun artista: Bill Frisell.
Harro sentiarazten zaituen kantu bat: Berandu dabiltza.
Leku bat kontzertua egiteko: Bilboko Kafe Antzokia.
Euskal Herriko leku bat: Asko izango lirateke.
Zer geratzen zaizu egiteko? Agian, neuk bakarrik zerbait egin.

Pott Bandako kide, irakasle, kantari Sentikortasuna, poesia, dotorezia, kalitatea; horrelako berbak erabiltzen dira normalean Ruper Ordorikaren ibilbideaz idaztean. Euskal kultura inarrosi zuen Pott banda hartako partaide izan zen -"harrigarria da nola bilakatzen ari den erreferente"-, Hiru Truku taldearekin mendebaldeko kantu zaharrekiko bere maitasuna jarri zuen agerian, eta bakarkako bere ibilbidea guztiz eredugarria da. Bolada luzeak eman ditu Euskal Herritik kanpo, Londresen, Irlandan zein New Yorken, baina, hala ere, Euskal Herriarekin harreman handia duela uste du: "herri honek gatazkak sortzen dizkit, errealitatea, maiz, nahi duen bidetik joaten delako. Urrun egon arren, kezkak, herri honekiko atxikimenduak hor dirau beti". Guztiz berea duen irudiaren jabe -"gizon baten itxurak hartzen saiatzen naiz, besterik gabe", diosku brometan-benetan-, berezko ahotsa ere badu Ruper Ordorikak. Eta jende askok ez badaki ere, euskara irakasle ere izan zen Ruper, "gure eginkizuna hori zelako. Gure lagun batek esaten zuen Sarrionandia eta biok adoleszentziarik gabeko belaunaldikoak ginela, oso gazterik erantzukizunetan hasiak ginelako".

Gotzon Hermosilla