Gara
------------------------------------------------------------------------
Doinu zorrotz eta hitz zainduekin itzuli da Ordorika «Kantuok jartzen ditut» lanarekin

New Yorkeko hiru musikari alboan
Ben Monder eta Keny Wollesekin errepikatu du Oñatiko egileak azken lanean, eta Jonathan Maron musikariarekin jardun du estreinakoz

Disko baten eta hurrengoaren artean utzi izan ohi duen tartea hautsiz, «Kantuok jartzen ditut» albumarekin besazpian agertu zen atzo Ruper Ordorika Bilbon. «Ganbara beteta nuen-eta», argitu zuen Oñatiko musikariak 12 kantu berrirekin datorren bildumaren aurkezpenean. Horietatik 11 berak idatzitakoak dira, eta hamabigarrenak Joseba Sarrionandiaren poema bat du oinarri. Lan zabala da iraupenez, baita estilistikan ere, bere marka daramana, baina desberdina, «ez duzulako aurretik ezagutzen duzun disko bat berriro entzun nahi», aitortu zuen egileak. Emanaldiz beteriko udazkenari ekiteko prest da


''Kantuok jartzen ditut'' Azkarateko Katarain estudioan grabatu zuten. Ekainean, San Juan bueltan, egin zuten soinu-hartzea; nahasketak, berriz, abuztuan. «Tarte horrek pentsatzeko tenorea eman zidan, astia ere bai, eta nik hori nabaritzen dut diskoan, goiz da esateko, baina sumatzen dut ezagutzen ez nuen halako lasaitasun bat, disko bat bukatu eta gero», aitortu du Ruper Ordorikak.

Berriro ere, Ordorikak Ben Monder gitarra-jotzailea izan du alboan, laugarren diskoa du berarekin. Hirugarrenez, Keny Wolles bateria-jotzailearekin aritu da, eta estreinakoz, aspaldi ezagutzen duen Jonathan Maron baxu-jotzailearekin.
Hirurak New Yorken hezitutako musikariak dira, bat-batekotasunean maisu. Orain arteko lanak eta azkeneko kolaborazio horren ostetik, harreman sendoa du oñatiarrak haiekin. «Ezagutu nituenetik gero eta handiagoak dira», nabarmendu zuen atzo komunikabideen aurrean produkzio handietan ari diren hiru musikariei buruz mintzo zela.
Bestetik, ''Kantuok jartzen ditut'' album berrian beste hiru gonbidaturen ekarriak ere sumatzen dira: Virginia de La Casaren ahotsa, Arkaitz Minerren biolina eta Nando de La Casaren teklatuak ere aditzen dira CDan.

Aurreko diskoan bezala, bandak batera grabatu ditu oinarrizko hartualdiak. «Fermin Etxegoienek dio ematen duela musikalki neure paraje batean sartu naizela aspaldian; nik ez dakit hala izango den, baina gauza bat badakit: nire kantuak oso gustura daudela sistema honekin. Nik prestatzen ditut etxean, musikariak etortzen direnean erakutsi egiten diet, eta kantuokin ateratzen denarekin, metodo honekin, pozik daude, eta ni ere bai», esan zuen.
Guztiarekin, lan zabala aurkeztu du errepertorio aldetik eta estilistikan ere. Ruper Ordorikak eta bere musikariek talde soinuaren bila jo dute. Egileari gustatzen zaio iturria ahalik eta irekien uztea, «oinarrizkoena irten eta alientoa gorde dadin, gero, hizkuntza zabala duten musikariekin harago joaten saiatzea», esan zuen.

Laguntzaile anitz izan ditu Ruper Ordorikak disko honetan. Banan-banan aipatu zituen atzo Bilboko Kafe Antzokian, eta lana publikoan eskertu zien. Horien artean, Alberto de la Casa «nire sparring-a, musikan» eta Bernardo Atxaga, CD-aren liburuxkarako abestien hitzak gaztelaniara itzuli dituelako. ''Zaindu maite duzun hori'' abestiaren bideoa Iker Trebiñok landutakoa da.

Mundu euskalduna defendatzen
Nafarroako kanta zahar batetik hartu du Ruper Ordorikak disko berriaren izenburua. ''Kantuak jartzen ditut'' edo «hauek dira nik egiten ditudan abestiak», argitu zuen kantariak gaztelaniaz, itzulpen librea eginez.
Normalean, disko baten eta hurrengoaren artean denbora tarte luzeagoa utzi ohi du. Oraingoan, «diskoa egiteko halako inpulso bat sentitu nuen, beharbada -jarraitu zuen- euskaldunok izan ditugun egoera zehatz batzuek bultzatuta».
Ildo horretatik, Ordorikak esan zuen, lan horrek baduela nonbait lotura «azken urte honetako zenbait egoerarekin, euskaldun izanik asaldatu nautenak, nonbait. Gogoan daukat Potten denboretan nola esaten zen 'kontsumoaren aurka kreazioa'; uste dut egungo egoera hauen kontra ere zerbait egin behar dugula: neure apurra hauxe da, kantuak egitea».
''Zaindu maite duzun hori'' abestiaren aipamena egin zuen, kantu horretan dioenez, «kontuak ez zaizkidalako ateratzen».
«Mundu euskalduna -adierazi zuen- defentsiba etengabean dago, sorkuntza aldetik ere. Guri buruz, komunitate bat gisa ari dira beti, komunitate bezala onartu behar gaituztenean izan ezik»
. Kanpoan, susmagarri
Euskaldun bat Euskal Herritik kanpora jotzera doanean «gutxienean susmagarria da -salatu zuen-, zure inozentzia frogatu behar duzu etengabe, eta benetan ondo tratatzen gaituztenen sentsibilitatean fio behar duzu»
Ruper Ordorikak esan zuen «gauza horiek guztiak pixkanaka» pilatzen direla eta «oso frustantea den sentsazioa» eragiten duela. «Kontuak ez dira ateratzen», azpimarratu zuen berriro.
«Uste dut nire belaunaldiak ez duela ia ezertan asmatu; honetan, behintzat, ez, eta uste dut berriz pentsatu behar dugula euskaldun ez den herriaren partearekin harremana. Gure gutxiengoa defendatu behar dugu»
. Bernardo Atxagarekin saio berezia, Durangon
Ruper Ordorikak egutegi estuari aurre egingo dio disko berriaren aurkezpenerako. Tuteran eta Ariben izango ditu lehenengo agerraldiak abenduaren hasieran. Bernardo Atxagarekin emanaldi berezia egingo du, Durangon. Etiopiaren 25. urtemugaren kariaz, Atxaga eta Ordorikaren azkeneko lanek topo egingo dute saio berean. Arriagan joko du eta, udaberria bitarte, kontzertuak aurreikusi ditu Barañain, Iruñea, Donostia, Gasteiz, Oñati, Kanbo, Bartzelona, Pontevedra eta Madrilen.-

Izaskun Labeaga