DVorame
------------------------------------------------------------------------
Donostian gaur, eta bihar bere herrian, Oñatin, ariko dira Ruper Ordorika eta taldea, disko berria aurkezten
Kantu asko sortu ditu Ruper Ordorikak 1980an Hautsi da anphora kaleratu zuenetik. Eta hortxe jarraitzen du oñatiarrak, kantuak egin eta abestuz, estilo propioko musika babeslekua osatu duen arte. Ezinbesteko erreferen-tzia, aspaldi egin duen diskorik onena argitaratu du, Kantuok jartzen ditut (Metak). Ona musikari dagokionez: aldi berean freskoa eta ñabarduraz josia. Baita hitzen aldetik ere: bikainak eta zenbaitetan ohi baino zuzenagoak. Gaur Donostian eta bihar Oñatin dastatzeko modukoak.


«Kantuok jartzen ditut» esaten duzu umilki izenburuan.

Izenburua zehatza da, Nafarroako kantu zahar baten hasiera da eta gogoan sartu zitzaidan. Hauxe da neure apurra.

Aurreko disko batzuk agian kontzeptu baten inguruagokoak ziren.
Nire disko guztiak kantu diskoak dira. Kasu honetan iruditzen zait diskoa zabala dela, neure zenbait joera batera ekar-tzen dituela. Beharbada aurreko Hurrengo goizean diskoarekin konparatuta, bai hartu liteke sentsazio hori. Hura oso giro bateko diskoa kontsideratzen dut. Agian Dabilen harria ere bai. Zaila da konparazioetan sartzea. Badakizu musikari hark esaten zuena: musikaz berba egitea arkitektura dantzatzea bezalakoa da.

Adierazi duzunez, egoera sozial bati lotuagoa da disko hau.
Egoera sozialarena esan nuenean ez nintzen diskoaren mamiari buruz ari, baizik eta diskoa bera egiteari buruz. Oso narrazio negatiboa erabiltzen dute euskaldungoari buruz eta euskaraz idazten dut, neure aukera da, maite dudana eta neure langintzaren oinarrian dagoena. Euskaldun jendea seinalatua sentitu da aurten bereziki. Zenbaitek oraindik ere absurduaren pare jarri nahi du euskaldunon existen-tzia bera. Batzuetan ematen du berriz ere barkamena eskatzen hasi beharko dugula euskaldun izateagatik. Oinarrizko kezka bat izaten da zein ote den norberak egindakoaren eragina.

Azkenean, beti bezala, ikuspuntu pertsonala da nagusi.

Kontraesanak eta guzti neure ahotik mintzo naiz kantuetan, ez naiz inoren ordezkari, baina zer pentsatua eman dit ikusteak zelako oihartzuna jaso duen Zaindu maite duzun hori bezalako kantu batek. Kantuok soseguz burutu ditut, inongo presiorik gabe. Neure hariari egiten diot tira eta musikak hori du berez, entzulearekin osatu egiten dela. Kantak norberaren gauza-txoez izango dira, baina gero jendeak osatzen ditu.

Bada une batzuetan kanporakoiagoa.

Estudiora sartu aurretik hartu nituen erabaki batzuk zuk diozun kanporakoiago izate horrekin agian lotuta daudenak. Baneukan gogoa zenbait gauza erritmikoak eta zuzenak egiteko, egitura aldetik-eta. Gero, baita ere, musika tresnen aukeraketa: anplifikadoreak, bateria, gitarrak... Banuen norabide bat sonoritate kontuetan; halako ñabardurak izan daitezke lortu nahi den soinuaren gakoa.

New Yorkeko konexioak bizirik dirau.
Hau dut laugarren diskoa Ben Monderrekin, hirugarrena Kenny Wollesenekin. Dagoeneko gurea lagun kontua ere bada. Jonathan Maron gehiago ibiltzen da R&B eta hip hop munduan inprobisazioan baino. Berehala jarri ginen batera. Ekainaren bukaera aldera elkartu ginen Azkaraten eta diskoak ondo erakusten du saio haien giro goxoa eta bizia.

Hitz zorrotzagoak atera zaizkizu, oro har oso onak.
Estimatzen dizut. Ez daukat eredu jakinik kantuak osatzekotan. Gauzak zehatz esan nahi izan ditut eta beharbada zorrotz atera. Batzuetan nahi izaten dut musikak eta baita hitzak ere halako gehigarri bal-tsamikoa eduki dezaten, egunerokoa apur bat goxatzeko…

Testua eta musikaren arteko oreka, ñabardura eta aberastasuna.

Horixe duzu ba kantua: gauza primordiala. Hitzak eta doinua uztartzeko jokoa. Munduko jende guztiak egin duena mendeetan zehar. Kultura guztiek, herri guztiek. Benetako eginkizun humano bat. Poeta hark zioenez agian limonada prestatzea bezain ekintza duina eta humanoa.

Kantu guztien hitzak zeureak dira, ‘Kantuaren gauza galdua’ izan ezik.

Testu honetan halako batean erreparatu nuen Joseba Sarrionandiaren poema bilduma bat berrirakurtzen ari nintzela. Berehala sartu zitzaidan poema hori kantatzeko gogoa.Berez Poesiaren gauza galdua zen eta aldaketa batzuk egin dizkiot. Ez du neurririk ez errepikapenik, baina berehala topatu nion ardatz bat.Oso tonu berezia du, irudi indartsuak eta irakurketa ugari. Zein da poesiaren betebeharra, kantuaren betebeharra, sasoi ilunetan?

Kritika eta ironia darie abesti batzuei.

Barrutik ateratako gauzak musikan jartzen eta abesten saiatzen naiz, batzuetan kritikoak, besteetan amoltsuak… Ahal bezala ibiltzen naiz. Kantuak badu dohain hori. Kantuak nahi ditu bideak ibili. Kantuak nahi du adierazi, norbere barrutik atera, zehaztu, libertitu, goxatu…

Baina batez ere autokritiko agertzen zara zure belaunaldiarekin.

Ez dut autokritikoa izateko asmo berezirik eduki. Gauzak errebisatzeko tenorea heltzen da eta horren kontura esan ditut zenbait gauza. Inork ez dit esplikaziorik eskatu eta eskerrak, ez baitakit nire belaunaldiaren afera horretaz zehazki nola sakondu. Hor dago gauza gehienetan okertu egin garelako sentipena, baina baita ere hor dago maitasunaren kariaz, gure aurreko gauzak aldatu nahiaz ere bai, itzelezko eskuzabaltasunarekin gauza asko eman izanaren sentipena.

Ametsa errealitate latzaren aringarri izan daiteke?

Gai klasikoa oro har eta baita nire kasuan ere. Carpe diem esaten zioten klasikoek: eguna harrapatu. Berriki irakurri diot euskal poeta bati Carpe noctem gomendioa.

‘Iratzarri’ kantuan, “argia den mira hadi” diozu. Laboaren ‘Haika mutil’ abestiari keinu bat?

Kantu zaharra niretzat inspirazio iturri izan da beti. Maiz erabiltzen ditut halako oihartzunak kantuetan, baina kasu honetan idatzi ere egin nuen Mikel Laboari aipamen ttiki bat. Asko estimatzen dut nire aurreko euskal kantari batzuen lana eta Mikel Laboa ezagutzeko eta bere ondoan kantatzeko aukera zoragarria eduki dut urteotan. Denok ikasi dugu Haika mutil bere ahots eder eta bakar horretan.

Zer eskainiko duzue emanaldietan?

Azken diskoan oinarrituko dira, gehienbat. Besteetarik ere egingo dugu. Mugalariekin arituko naiz: Nando de La Casa, bateria; Alberto de La Casa, baxua; Dani Pérez, gitarra, eta Arkaitz Miner, mandolina, biolina eta gitarra

Asier Treku