Gara
------------------------------------------------------------------------
«Aldaketa handi baterako deitzen gaituen unea da hau»
Seme-alaba jaioberria besoetan duen aita baten harrotasunez mintzo da Ruper Ordorika «Kantuok jartzen ditut» diskoaz. Ibilbide luze baten ostetik gustura dastatzen ari den heldutasun goxora iritsi da: «Badut aurrera egin, sakonera joatearen sentipena, iruditzen zait gehixeago ezagutzen dudala nire eginkizun hau», dio. Baikorra da musika Euskal Herrian izaten ari den bilakaeraz, munduan une latzak direla ahaztu gabe.
Bilboko Arriaga Antzokian eman zuen kontzertuaren oihartzunak oraindik presente direnean, bere musika Euskal Herriko txoko desberdinetara eramango duen bira hasi du Ruper Ordorikak. Toki handiak eta txikiak, denak ditu gustuko, oñatiarrarentzat den-denek baitute xarma. Izan ere «batzuetan inoiz pentsatuko ez zenukeen lekuan gertatzen baita harreman indartsuena».


- Bilboko Arriaga Antzokian egin zenuen diskoaren aurkezpen ofiziala. Ondotik, zein sentsazio geratu zaizu?
Ondorioak oraindik etortzen ari zaizkit. Oro har, beste pauso bat eman izanaren sentsazioa dut. Urtero egin izan ditut Kafe Antzokian, abendu oro, disko aurkezpen batzuk, baina beste harreman bat sortzen da han. Arriagan ere oso harrera ona jaso genuen, oso babestuta sentitu ginen eta nik uste dut aski ondo pasatu zela dena.
-Kontzertu horretan jendaurrean jo zuen taldea ez da estudioan inguratu zintuena.
Ez. Orain, aurkezpenetan boskote bat aritzen gara, Arkaitz Miner gonbidatua dugula biolina eta gitarrarekin. Arriagan ez zen aritu, bere ordez, Jabi Antoñana aritu zen, aspaldiko nire laguna. Mugalari talde irekia da.
-Grabazioan izan diren AEBetako musikariekin nolakoa da lankidetza?
Aspaldian musika mota bat jarraitzen dut, jazzaren mugetan, inprobisazio musika-edo. Aspaldi nuen buruan ideia hori, 'zer gertatuko litzateke nire musika jatorri horretako musikariekin uztartuz gero? Horrelaxe, eta emanaldi askotara joan nintzelako, hasi zen harremana. Geroztik, lau disko egin ditut Ben Monderekin eta beste hiru, Kenny Wollesekin. Halako batean arrisku hori hartzea deliberatu nuen, hau da, ni ezagutzen ez ninduten, aurreiritzirik gabeko musikariekin aritzea. Nire antzinako asmo bat zen eta gauzatu egin dut. Denboraren poderioz, lagun kontuetan sartzen gara eta harreman estua daukagu harrezkero. Ia urtero elkartzen gara; nor bere taldean dabil eta zaindu egiten dugu hala gerta dadin.
-Ez da lehen aldia, Mugalariekin beharrean grabaziorako AEBetako musikariekin lan egin duzuna. Funtzionatzen duen formula topatu al duzu?
Azkenaldian ez dakit benetan diskoak ondorioengatik egiten ditudan edo holaxe egiteagatik. Benetan esperientzia fuertea izaten da eta badut aurrera egin, sakonera joatearen sentipena. Iruditzen zait gehixeago ezagutzen dudala nire eginkizun hau. Neure hurrengo zalantza izango litzateke hori nola islatzen den zuzenekoetan, baina nire esperientziak dio zuzenekoetan, nahiz nire betiko musikariekin izan, diskoan parte hartu ez dutenekin, harago goazela baita ere denboraren poderioz. Horregatik, niretzat egokia da. Hasieran niretzat aski delikatua zen musikari batzuekin estudioan aritzea eta beste batzuekin zuzenekoetan. Uste dut egun harreman hori aski finkatua dela eta horren frogak ugari dira. Gure diskoek gero eta harrera hobea dute, eta gu ere gero eta lasaiago gabiltza. Zaila izango da beste metodorik topatzea, baina ez dakit, inolaz ere, hurrengoan zer egingo dudan. Niretzat diskoak neurri batean musikari izatearen ondorioz etortzen dira; urteekin asko aldatzen dira gauzak eta inoiz ezin dezakezu jakin zer etorriko den.
-Oraingoan, Jonathan Maron ere bildu duzue. Zerk erakarri dizu bere jardueraz?
Baxu jotzaile hori beste giro batean ibiltzen da, soul, rhythm eta blues soinuetan. Beste lagun horien bitartez ezagutu nuen eta Jonathan gonbidatu genuen diskoaren grabaziora. Dena aski ongi joan da berriz. Musikari horiek beren eginkizunarekin benetan inplikatuta daude eta zentzu sortzaile artistikoa erabatekoa daukate.
-Nolakoa izaten da beren parte-hartzea zure diskoetan. Beren ekarriak jasotzen dituzu edo zuk aurretik erabakitakoaren bidetik zoazte?
Saiatzen naiz nire partea ahalik eta zehaztuen izaten: kantua bera, egitura, tonua, tenpoak. Hortik aurrera saiatzen naiz desagertzen, bitarteko guztiak jarri eta normalean sortzen den bide horretan oztoporik ez jartzen. Denok elkartzen gara, nik kantatu egiten diet paperean dutena, eta hortik aurrera bakoitzak bere interpretazioa ematen du. Horrela egiten ditugu oinarrizko toma guztiak eta, behin hori eginez gero, bakarrik gelditzen naiz gitarristarekin eta osatu egiten ditugu gauzak, gehiago bilatu behar izaten dut zenbait gauzetan. Nire sentsazioa da zenbait musikarirekin beti duzula ziurtaturik interesgarri den irakurketa bat.
-Haiekin zuzenean jotzeko aukerarik izan al duzu?
Badut asmoa inoiz hori egiteko hemen, baina nire harremana, askoz gehiago, hemengo nire musikarietara zuzenduta dago.
-Eta Mugalariekin AEBetan aritzeko aukerarik izan al duzue lagun horien bitartez?
Asmoa ez dugu galtzen baina zinez zaila da. Estatuan barna nahiko zaila baldin bada pentsa ezazu! Ameriketako Estatu Batuetako lagun horiek uste dute musika honek baduela han enkajerik baina pentsatuko duzun moduan atzean gutxienez industriatxo bat eskatzen du. Nik uste dut hau dela gure esparru naturala eta hemendik ateratzeko ekimen oso konplikatuak beharko direla. Musikaren mundua halaxe dago, eta atzean babes bat behar duzu.
-Batzuetan hiru gitarrarekin ageri zara. Zer misterio gordetzen du bakoitzak zuretzat?
Bat eramaten dut, azkenaldian, bakarka ari naizenean eta beste biak taldearekin. Batak, elektrikoa, batera egiten du errazago taldearen sonoarekin, eta bestea erabiltzen dut beste tonalitate batzuk lortzeko. Niretzat gauza horiek badute garrantzia. Nik badut zaletasun bat, handi samarra, musikaren alde tekniko horrena.
-Eta beste musika tresnen artean, zein hautatzen duzu?
Tresna baino gehiago musikaria da inportantea. Ez zenuke pentsatuko tuba bat maite duzunik tuba jotzaile on bat ikusi arte. Hori esanda, disko honetan sartu nuen biolina. Arkaitz Miner ari da Tapia eta Leturiarekin. Benetan musikari bikaina da. ''Zaindu maite duzun hori'' buruan entzuten nuen denbora guztian biolin batekin; deitu nion probatzeko eta halaxe gelditu zen.
-Emakume ahots bat ere entzuten da.
Virginia de la Casak grabeetan erregistro ederra du, eta kantari oso ona da.
-Lan horrek zein iturrietatik edan du? Zein musika egon zara entzuten azkenaldian? Eraginik izan al du zure CD berri horretan?
Erabaki batzuk aurretik hartu nituen. Norberak aurreko lanei begiratu egiten die. Talde disko bat egin nahi nuen. Elkarrekin grabatzean ekarri berez etortzen da. Egin nuen aukeraketa hortik zihoan, eta banituen beste zenbait kantutxo burutu barik, erdibidean. Denak osatzen hasi aurretik egin nuen aurre-aukeraketa bat eta nire asmoa izan zen zenbait kantu erritmikoago sartzea. Uste dut igarri egiten dela: gitarrak, anplifikadore desberdinak.
Musika, denetarik entzuten dut, baina ez zait iruditzen disko honetan inongo eragin berezirik dagoenik. Ni oso musikazalea naiz eta eraginak milaka izaten ditut, nahi nuke behintzat. Disko zabala da, ez bakarrik luzea delako, baizik eta badirelako kantuak zenbait iturritatik edaten dutenak. Nire inpresioa da, inongo lorpenik badago hori dela, denak erreka batera ekartzearena. Disko hau niri gustatzen zaidan modukoa da, album antzekoa, baina kantuak, beren artean, aski desberdinak dira.
-Diskoa egitera zoazenean, ideia sendoekin zoaz ala ikuspuntua erabakitzea kostatu egiten zaizu?
Nekeza da. Disko batek badu bere sufrimendu apurra erabakiak hartzeko orduan. Grabatzen ditudanean disko hauek jasoko balute nik jasotzen dudan eragina, ideala litzateke.
-Ganbara beteta ei zenuen diskoa prestatzeari ekin zenionean. Zein momentuk inspiratu dizu sorkuntza oparo hori?
Iragan urtarrila hilabete ona izan zen horretarako, ordurako egina nuen puska bat. Bi hilabetean, hortxe atera ziren ia gauza guztiak. Erabaki nuen aurten saiatu behar nintzela diskoa egiten. Orain esan dezaket pozik nagoela.
-12 abesti hautatu dituzu baina ziur tiraderan asko gelditu direla. Ez al zaizu tentagarri beste norbaiti eskaintzea abes ditzan edo beste era batera argitaratzea?
Nik uste dut poliki-poliki atera egingo direla. Esaten den bezala, kantautoreok gure kantak kantatzen ditugu bestela beste inork ez lituzke kantatuko-eta! Beharko nuke bai noizbait hor gordeta gelditu diren gauzak begiratzea.
-Zazpigarrena Joseba Sarrionandiarena da. Aberriaz mintzo da. Zu ere gure herriak, euskararen munduak duen egoerak bultzatu zintuen diskoa egitera.
Esan da kantuen mamia hor inguruan dabilela. Badira kantu batzuk, beti egon izan diren bezala edo gehienetan. Kantuak baino gehiago hori izan da diskoa egitera bultzatu nauena. Josebaren testu hori indartsua da eta plazerrez kantatzen dut. Irakurketa asko dauzka. Kasualitatez aurkitu nuen bere antologia batean. Nonbait, babesleku bate ere ematen dit.
-«Zaindu maite duzun hori/ zaindu gorroto duzun hori» kantatzen duzu. Mezuren bat bidali nahian?
Uste dut baietz baina ez dakit zein den. Inongo asmo handirik gabe egin nuen, eta niri ere deigarri egin zait lortu duen oihartzuna. Denok ez ote dugun nozitzen egoera bera.
-«Kantuok jartzen ditut» izenburuarekin ausardia puntu bat erakutsi nahi izan duzu?
'Hau da nik egin dudana' esan nahi nuen. Batez ere, kanpoan ibiltzen garenok euskaldun moduan euskaldun izatea gehi esplikazio bat, euskal kantari izatea eta esplikazio bat eskatzen zaigu. Beti defentsiban egon behar dugu. Halako batean hau da neure apurra, nik egiten dudana esan nahi nuen.
-Gauden egoeraz mintzatzean, aurreko batean aipatu zenuen «gure belaunaldiak ez du ia ezertan asmatu». Zertan huts egin duzue?
Badut sentipen hori. Sarriren testu hori nik uste dut ez dabilela urruti burutazio horretatik. Ez dakit sakontzen sentsazio horretan baina iruditzen zait zenbait gauza berrikusteko unea dela. Batzuetan lotzen dut gure sasoiko inplikazioa herri honekin, aberriarekin, oso estu halako eskuzabaltasun batekin. Bada une bat aldaketa handi baterako deitzen gaituena nolabait eta sentipen horren inguruan ikusten dut hori. Ikusirik gure tarteko idazleak goraipatuenak direla, nire eginkizunak ere bai, kontraesan handian nagoela dirudi; gehiago ari naiz beharbada euskal munduaren inplikazioaren aurrean, zenbat eman den eta zenbatetan zein gutxi jaso den.
-Azalera itzuliz, zergatik ageri zara sofa batean eserita? Estetika hutsa al da ala esanahi jakina du?
Hala gertatu zen. Azala bestelakoa izan zitekeen baina hala gertatu zen. Beti inplikatzen naiz azalean, baina gero erabaki nuen behin artista hautatuz gero neure gauzei buruzko bere irakurketa ere entzun behar nuela. Azken diskoetan uste dut azalek badaukatela zer edo zer komunean.
-Kantetan, batzuetan iraganari erreferentzia egiten diozu, beste batzuetan etorkizunari. Zer utzi duzu atzean eta zer ikusten duzu aurrean?
Harrigarria da denboraren bilakaera. Esaten didatenean hainbeste disko egin dudala, uste dut ez naizela emankorra izan, soseguz egin ditut gauzak, halabeharrez egon naiz beste gauzetara begira maiz eta, onartu beharra dut, uste nuenaren kontra, ez naizela zerebrala, baizik eta intuizioz aritzen naizela, nire sen batekin. Orain berriz ikusten dut badudala ikuspuntu zehatzagoa kantuan, musikan eta badut gogoa harago joateko, eskurago ikusten dudala, gehiago ezagutzen ditudala nire materialak. Beste pauso batzuk emateko gauza banaizela. Beste alde batetik, ikusten dut taktikoak izan ez diren mugimenduek honaino ekarri nautela.
-Bideoa grabatu duzu. Nola izan da esperientzia hori?
Kamarekin harreman onik ez dut. Azken orduko gauza izan zen. Oso azkar eta ongi egindako ideia izan zen. Nire burua aktore negargarri moduan ikusten dut, eta saiatzen naiz beste narrazio bat egon dadin. Iker Trebiñok bideo oso polita egin du, planteamendu desberdin batekin. Nire inplikazioa oso laburra izan da. Bideo bat luxuzkoa da musikan, gure industria txikiak ez baitu ematen betarik halako gauzetarako. Benetan interesgarria litzateke.
-Arriagakoari beste ekitaldi berezi bat aurreratu zitzaion, Bernardo Atxagarekin Durangoko Azokaren kariaz.
Gerediagakoen ideia izan zen. Biok harrapatu gaitu inoiz baino okupatuago. ''Soinujolearen semea'' hamar egun lehenago atera zen eta erabaki genuen bi tartetan egitea. Gauza handiak dira horiek. ''Etiopia'' niretzat oso liburu inportantea da, eta oso polita izan zen eskaintza, baita gure sasoiko lagunekin, gaur arte ere lagun direnak ere, nolabait uztartzea iraganeko gauza hori eta ospatzea liburu eta disko berriekin.
-Iragan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokatik bueltatxo bat emango zenuen. Nola ikusi zenuen?
Egia esan ez nuen astirik izan ikusteko. Sasoi batean autostopez joaten nintzenetakoa naiz eta orain gero eta zailagoa da ni bezalakoentzat han egotea, nahiz eta gustura joaten naizen, handik kanpo nekez ikusten diren gauzak daudelako.
-Eta hortik landa, zein da sorkuntza aldetik euskal kulturak ematen ari denaz Ruper Ordorikak duen inpresioa?
Eskaintza eskaeratik gora dago askogatik, bai literatura eta musikan, behinik behin. Ekoizten denetik bakarrik atal bat baloratzen da. Hori hala da. Nik ez dut esaten txarra denik, inolaz ere. Beharbada oraindik ez dugu lortu behar adinako multzo bat, ateratzen dena irensteko. Bestalde, musika oso bizi ikusten dut. Hainbat talde berri, musikari ateratzen dira. Nekeza izango da horiek denek beren lekua topatzea, batez ere inguruneari begiratuta, hau ezin delako aztertu Euskal Herriko mugetan, oro har oso sasoi zailak dira musikarentzat eta, testuinguru honetan, hemen esango nuke zailago luzarora. Benetan mugimendu asko dagoela ikusten dut eta musika alorrean uste dut leku askotatik begira dugula jendea, oso gertutik jarraitzen duela Euskal Herrian egiten dena. Alde horretatik oso baikorra naiz.

Izaskun Labeaga