“BILDUMA BAT”-erako hitzaurrea


Gogoan dut oraindik noiz eta nola entzun nuen lehenengoz Ruper Ordorika abesten: 1980 urtean izan zen, Iraileko arratsalde eguzkitsu batez. Ni etzanda nengoen lasai asko Domintxine (Domezain) deritzan herriska bateko eliza atari inguruko zelai batean eta bapatean irratian entzun nuen bere lehen diskoaren kanta bat: “Herdoilaren tristeziarekin batera…” Ezusteko eta ez ahazteko ziztada itzela izan zen hura niretzat: bapatean lozorrotik iratzarri eta zutik geratu nintzen, tente eta kieto, abesti miresgarri hura burutu zuen arte. Berehala ohartu nintzen orduan amaitzen zela zerbait euskal musikagintzan eta sasoi berri bat zela handik aurrera zetorkeena. Denbora gutxira diska osoa (“Hautsi da Anphora”) entzun nuen hamaika alditan eta hasierako susmo hura baieztatzerik izan nuen : Ruper Ordorikaren diska harekin guztiz berri eta ausart zen zerbaiti ematen zitzaion hasiera euskal musikan. Eta musikazale mordo batek, euskaldun nola kanpokoak, izan zuen garai hartan halako sentipen antzeko bat. Gure adiskide batek sarritan esaten du Ruper Ordorikak ezarri zuela modernitatea euskal musikagintzan, alde batetik goi mailako testuak, kalidade haundiko literatura, erabiliz, hezurdura trinko gisan, bere musika airoski eta indar ukigarri batez gorpuztu dadin; eta bestetik, melodia berriak, erritmo sendoak, doinu zaharrak zein gaur egungoak landuz eta uztartuz bere ukitu berezia, marka eta ezaugarri artistiko gisan, lortu arte. Guztia hau lehen diskatik baieztatzerik bazegoen ere, gero eta pausu ausartagoak eskaini dizkigu beti Ruper Ordorikak bere hurrengo disketan: ez da inondik errepikatze huts eta antzu eta komertzial batean gelditu. Pausu berriak eta arriskutsuak tentatuz segidako diskak beste hainbeste mugarri ezezagun eta ausart egokitu zaizkigu, halako iraultza bidetik barruratuz non erabat zaila egiten zaigun benetan, bere jarraitzaileei, pentsatzen hastea ere nondik nora abia ote daitekeen bere hurrengo diska. Egia da marka eta estilo berezia ezarria duela dagoeneko euskal musikan, abeslari gazteagoek kontutan hartzen dutela bere abesteko era, testuari dion begiramendua, melodien lantzea eta ikertzea eta baita ere gizartearen aurrean izan duen eta duen jarrera etikoa. Aurretik ikerturiko bidean alde batera utziz, emandako pausuak inoiz errepikatu ezaz, diska berri bakoitza abiapuntu iraultzailetzat harturik…bere zaletu asko eta asko lazturik gabiltza halako batean planto egingo ez ote duen beldurrez, desiatzen bere hurrengo lana laster batean kalera dezan. Hasieratik jarri zion Ruper Ordorikak bere eginbeharrari oso maila altua: patxadan egin izandu du lan berak beti kalidadeari eutsiko bazion, eta musikazaleok badakigu zein eskertzeko den hori gaur egungo edonolako musika traketsa nozitu behar dugun honetan. Baina horrexegatik eskatzen diogu, arren, ez etetzeko bere lana, segi dezala aurrera eta lehen bait lehen izan dezagula bere hurrengo diskoa entzuteko mugona. Zai eta ezinegonean gauzka.

Jose Mari Iturralde (1992)