Egunkaria (Ruper N.Yorken Kritika)
------------------------------------------------------------------------
Dotorezia handiko enbaxadorea

RUPER ORDORIKAREN KANTALDIA NEW YORKEN.
Maitasunez eta bildutako jendea gozaraziz aritu zen kantaria joan den igandean Bowery Poetry Clubean Ruper Ordorikak kantaldi bat egin berri du New Yorken: lehendik ezagutzen genuenoi, izugarri gustatu zitzaigun; lehen aldiz entzun zutenei, gehiagotan aditzeko gogoa piztu zien. Oñatiko kantari eta musikagilea Bowery Poetry Cluben aritu zen, lehengo igandean. New Yorkeko musikari talde batek lagundu zuen, Ben Monder gitarrista gidari zutela. Hain zuzen, musikari horien laguntza izan du Ordorikak kaleratu dituen azken diskoetan: So‚ik so‚, Dabilen harria eta oraintsuko Hurrengo goizean lanetan. «Lower East Side auzoan bizi izan nintzen bolada batean, orain dela hamar urte, eta, beraz, hona etortzea, nolabait, garai hura berritzea da», adierazi zuen kantariak. «Itzultzea ona da beti, lagunak agurtzeko eta ezagutu genituen jendea eta gauzak nola dauden ikusteko; gainera, New Yorken kantatzea gustuko erronka da».
Ordorikaren kontzertua, gainera, New Yorkeko Tribes galeriak antolaturiko esperimentu baten bigarren zatia izan zen; esperimentu horren bitartez, hizkuntza bera ez erabili arren gizakiek komunikatzeko, elkar ulertzeko, adierazteko duten gaitasuna aztertu nahi dute. Proiektuaren arduradunek, Mireia Sentis eta Borja Casanik, Iberiaren metafora erabili dute horretarako: bost hizkuntza ofizial dituen leku bat, ezin konta ahala dialekto eta toki hizkuntza, eta, gainera, gero eta gehiago autobide geopolitiko eta kultural baten ardatza dena, mendebaldearen eta mundu afrikar eta arabiarraren zubi halako bat.
Esperimenturako bitarteko gisa, hitza eta zenbait hizkuntzaz lagunduriko irudia aukeratu dituzte Sentisek eta Casanik. Esaterako, hilaren 6an, zenbait kanta eta poema entzun eta bideo artistikoak ikusi zituzten Tribes galerian, denak ere gai horri loturikoak. Hitz eta irudiok mezu bakar bat, galdera bakar bat zuten ardatz: begiko izan daiteke ulertzen ez dena? Ruper Ordorikari aditu eta gero, erantzunak baiezkoa izan behar, nahitaez. Gela hobea zen poesia errezitatzeko, zuzenean musika jotzeko baino; hala ere, Oñatikoak liluratu egin zituen entzuleak Bernardo Atxagaren poemetan oinarrituriko bi lanekin, eta, gainera, gaueko unerik intimistenak sortu zituen: igandean Bowery Poetry Cluben emango zuen kontzertuaren erakusgarri txiki bat izan zen. Han, New Yorkeko bere ensemble-arekin aritu zen, eta Madrilen kokaturiko kantautore aragoiar batekin partekatu zuen agertokia: Angel Petismerekin. Hark poesia errezitatu zuen, eta hainbat kanta jo, Buñuel en el desierto eta Metaphora lanetakoak ˜aurki argitaratuko dute Espainiako Estatuan˜.

Diasporaren harrera beroa

Ruperrek ez zien huts egin, ez igandero Bowery Poetry Cluben izaten diren emanaldietara joaten direnei, ez New Yorken kokaturiko hainbat eta hainbat euskalduni: han bildu ziren hainbat profesional, ikasle eta artista, eta diasporako kide ospetsuak ere bai, hala nola Mario Salegi, denak ere Ruperri harrera beroa egin eta laguntza emateko gogoz. Ordorikak zuzenduriko laukoteak ˜Ruper bera, Monder , Dricoll baxu jotzailea eta Hanson bateria jotzailea˜ ederki gidatu zituen entzuleak nahi zuen bidetik: Atxagaren poesiarekin emeki-emeki hasi, eta Sarrionandiaren poesiarekin goraino eraman, gozatu ederra har zezaten. E z ziren gutxiago gozatu Ordorika eta musikariak, batez ere Hanson eta Driscoll. Horren erakusgarri, bukaeran egin zuten bisean bisekoa: izugarri ederra izan zen, eta meritu handikoa, gainera, ordu gutxi batzuk besterik ez baitzuten izan kantak entseatu eta indarrak sinkronizatzeko.
New Yorken, kultur, bizimodu eta esperientzia arragoa den hiri honetan, ez da erraza euskarazko sormen lanekin ahotsa izatea. Beti izango dira mugak hiri honetako jendeari ezagutarazteko hizkuntza gutxitu batean eginiko musika. Baina Ordorika gure hizkuntzan eginiko musika eta poesiaren enbaxadore halako bat geratu da: ateak zabaldu ditu, eta megalopoliaren kultur aniztasuna aberastu. Eta maitasun handiz egin du, dotoreziaz eta gozaraziz . Ez baita gutxi!

MUSIKARIAK
Ben Monder gitarrista ohiko laguntzaileaz gain, Dricoll baxu jotzailea eta Hanson bateria jotzailea izan zituen ondoan
ESPERIMENTUA
Hizkuntza askotako hiztunen arteko komunikazioa lantzen duen esperimentu bateko parte izan da kantaldia


Enrique Zaldua.