Berria
------------------------------------------------------------------------
Disko honek badu lotura egoera jakin batekin
Bere diskoen artean ohikoa izan den denbora tartea bete gabe iritsi da Ruper Ordorikaren disko berria, 'Kantuok jartzen ditut', aurten izandako hainbat bizipen islatzen dituen lana

Ruper Ordorikak urteak daramatza kantuak sortzen. Alabaina, aurten bizi izan dituen hainbat egoerek, Egunkaria-ren itxierak esaterako, kantuak egitera bultzatu dute oñatiarra. Euskalgintzaren aurkako azken operazioan atxilotutakoak kalera aterako zirela jakin genuen elkarrizketa hastear ginela, eta «albistearekin oso pozik» azaldu zitzaigun Ordorika.


Azken egunotan euskal kulturgintzak eraso gogorra jaso du. Nola bizi izan duzu?.
Aurretik ere martxan zegoen makineria bat ageriago azaldu da aurten, eta uste dut disko honek baduela harremana horrekin guztiarekin. Euskal Herritik kanpo kantuan ibiltzen zarenean, gauza horiek maiz agertzen dira. Niri, adibidez, euskalduna naizelako eta euskaraz ari naizelako, gehiago tratatzen naute politikari gisa musikari gisa baino. Horregatik, Egunkaria-ren itxierak eta beste pasadizo batzuek badute harremana disko hau egiteko erabakiarekin. Aurten, urte hasieran bolada emankorra izan nuen, baina ez neukan garbi grabatuko nuen ala ez, normalean denbora tarte luzeagoekin egiten baititut diskoak. Egunkaria-rena gertatu zenean, Madrilgo lagunekin elkarrizketa batzuk izan nituen eta kezkatuta gelditu nintzen urteetako emaitza jasotzen ari delako norabide politiko jakin bat, euskaldungo guztia testuinguru berean kokatzen duena. Behin hori lortuta, dena zilegi da. Beharrezkoa dugu imajinazioa erabiltzea hortik ateratzeko eta, gure kasuan, munduaren irakurketa diskurtso politiko murritz batetik ateratzea. Aspaldian badut inpresioa gure gizartearen atal baten joeraren porrot baten aurrean gaudela. Horrek merezi du aldaketa handi bat eta irtenbide duinak aurkitzea. Nik kantuak neure ikuspuntutik egiten ditut; ez komunitate baten ikuspuntutik; baina nire esparru naturala hau da eta euskaraz ari naizen aldetik, honek ukitzen nau oso barrutik. Horregatik, kantuak egiten ditut; hori da nire apurra.
Zaindu maite duzun hori kantuan aipamen zuzena egiten diozu kontu horri («Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea», diozu).
Egunkaria-ren ixtea salatzeko manifestazio erraldoi hartan elkartu nintzen Tere Irastortzarekin eta aipatzen genuen euskaldun jendearen indarra dela gure ahulezia bera. Dena borondatez, berotasunean eta eskuzabaltasunarekin egiten dugu, eta ondo zuzendutako torpedoak kolokan jartzen du borondatez egindakoa. Kantu horretan, adibidez, aspalditik esateko nituen gauzak esaten ditut. Bob Marleyk Redemption song hartan esaten zuen moduan, nik batzuetan «lortzearen» aldeko kantuak egiteko gogoa izaten dut; askatzeko eta garbitzeko kantuak egitekoa. Euskaraz ari garenok sentimendu hori badugu. Batez ere, garai hauetan, euskaldun izateagatik gutxienez susmagarri garenean. Dena dela, nik esan beharra daukat nire kezka, batez ere, hemengoarekin dela. Nik askotan esan izan dut gehiago zaindu beharko genukeela Euskal Herrian bertan erdal munduan zer eragin daukagun. Uste dut askotan indartu egiten dugula euskal munduaren ghettizazioa.
Diskoan kantu guztien hitzak dira zureak, batena izan ezik, Kantuaren gauza galdua Joseba Sarrionandiaren poema baten moldaketa baita.
Beti nago testuak miatzen, eta hau ikustearekin batera, berehala etorri zitzaidan kantua gainera. Testua aldatu egin dut, berez Poesiaren gauza galdua deitzen delako poema. Ez da erabaki pentsatu bat izan, eta pentsatu izan banu, beharbada ez nintzen bertan sartuko, neurri oso ezohikoa duelako. Baina asko gustatzen zait kantu hau kantatzea eta uste dut oso ikuspuntu interesgarria duela. Kantuak oso irudi interesgarriak ditu.
Ohi baino tarte laburragoa igaro da Hurrengo goizean diskoa kaleratu zenuenetik. Azken aldian, bat-batekotasunaren eta naturaltasunaren aldeko apustu sendoa egin duzu. Horren ondorioa al da hain goiz iritsi izana?
Uste dut aurkitu dudala niretzat egokia den lan metodo bat. Musikariak elkarrekin lan egiten dugu eta urrutiago iristen gara. Kantuak nituen, eta Kenny (Wollesen) Suzanne Vegarekin eta Bill Frisellekin ari bazen ere, prest zegoen hona etorri eta grabatzeko. Nik etxean ahalik eta gehien osatzen ditut kantuak, baina denon artean lan egitea gustatzen zaigu. Disko honetarako bageneukan beste produkzio lan bat egiteko asmoa eta horrek aurreko lan bat eskatu dit. Lan bat bukatzen dudanean, beti pentsatzen dut hurrengoan aldatuko dudala, baina lan egiteko modu honetan oso gustura nabil. Ikusten dut kantuak beste dimentsio batera pasatzen direla, eta inportantea da bakoitzak bestelakotasun hori sentitzea.
Bide bat aurkitu duzula sentitzen duzu?
Askotan esaten dut neure kantuak oso pozik daudela bide honetan. Ez dakit norainokoa den bidea, baina badut sentsazio hori. Kantuak lasai dabiltza eta hori ederra da. Nik egin ditzaket beste hainbat gauza eta orain, behin entseguetan hasita, gustatzen zait gauzak aldatzea; baina bide horretan aise nabil, nahiz eta nire ustez, disko batetik bestera aldaketa nabarmenak egon.
Lan handia dago naturaltasunaren bilaketa horretan?
Askotan, bat-batekotasuna aipatzen denean, ematen du ez dagoela lan handirik. Baina material gordin hori orraztu egin behar da, eta erabaki zer erabili eta zer ez. Halere, gauzarik ederrena da dena oinarritzen dela zuzeneko interpretazioetan eta behin ere ez dela galtzen arnas hori.
Hari horri tiraka segitzeko asmoa duzu?
Disko honekin badut lasaitasun bat, baina gogoa dut beste zerbait egiteko ere. Oraindik ezin dut ezer esan horri buruz, ez nuelako egia osoa esango. Alde batetik, pentsatzen dut zikloak agortu egiten direla, eta bestetik, azkeneko diskoekin aurrerapauso bat eman dudala iruditzen zait.
Hitzari ere naturaltasunez utzi diozu sortzen?
Bai, aurreko lanetan egindako bidean sakondu dut. Azken batean, iturria ahal bezainbeste zabaldu dut. Niretzat oso metodo egokia da, hitzari ateratzen uzten diodalako, gero orrazketa handia eskatzen didan arren. Aspaldian kentze aldera jo dut, garbitze aldera, eta hitzetan ere berdin egin dut. Dena dela, disko honetarako banituen gai batzuk buruan aspaldiko partez, eta Zaindu maite duzun hori, Kantuaren gauza galdua eta Gauza erabiliak dira horren lekuko. Uste dut disko honek baduela lotura bat egoera jakin batekin, nahiz eta niretzat oso zaila den beste inoren ahotsa jasotzea. Lortuko banu, gehigarri bat izango litzateke niretzat. Dabilen harria eta Hurrengo goizean giro batekin lotzen ditut nik; hau berriz kantu disko bat da.
Dagoeneko lau disko egin dituzu Ben Monderrekin eta hiru Kenny Wollesenekin. Lehenago aipatzen zenuen arnasa ez galtzeko oso garrantzitsuak izango dira, ezta?
Afinitate izugarria dugu. Beraiek musikari oso handiak bilakatu dira eta ezagun zaharrak izanik, niretzat oso gauza handia da daukagun harremana. Gainera, harreman bitxia da, urrutikoa izan arren, urtean zehar kontaktuan izaten garelako. Joan den urtean, adibidez, New Yorken jo genuen elkarrekin zuzenean eta maiz hitz egiten dut beraiekin. Ben, adibidez, Bill Frisellekin askotan etortzen da eta John Zornekin ere etorri da berriki. Kennyk, berriz, jende askorekin grabatu du, Norah Jonesekin, Rickie Lee Jonesekin aise elkartzen gara.
Oraingoan, Jonathan Maron Groove Collective taldeko baxu jotzaileak hartu du parte diskoan. Nola gauzatu da harreman hori?
Maron soul, funk eta hip-hop baxu jotzailea da. Benen laguna da eta beste aukera batzuk zeuden arren, hari iritzi genion egokiena; azken batean ganbara oso betea duen musika mundu horretako partaidea delako. Musikari hauek oso irekiak dira eta ikaragarrizko maila izan arren, ez datoz erakustera. Kantuen alde egiten dute lan beti.
Diskoko kantuen interpretazioan lan handia egin duzula iruditzen zait; kantuaren, hitzaren eta ahotsaren arteko oreka bereziki zaindu duzula.
Gero eta gehiago nago sartuta arazo formaletan, eta kezkak ditut fraseatzearen inguruan edo esatearekin. Baina zaila egiten zait horri buruzko hausnarketa egitea; oso kontu fisikoa da. Askatasun handiagoarekin interpreta daitekeela ohartzen naiz. Dena dela, horrek ez du ahots teknikarekin zerikusirik.
Ohi bezala, Azkarateko Katarain estudioan grabatu duzu diskoa.
Bai, eta poza ematen dit Azkaraten elkartu eta horrelako gauza batekin ateratzeko gai garela ikustea. Urteekin, gehiago ezagutzen dugu medioa eta nire ustetan, samurrago iristen gara entzulearengana. Luze hitz egiteko kontua da, musika grabatuaren alde artistikoan ere teknikak baduelako zer esanik. Digitalizazioaren garaian, medioak helburua ere bidera dezake.
Mundu horretan izan den aurrerapenak eragin du zure azken lanetan?
Bai, baina, beharbada, kontrako norabidean, nire asmoa delako grabazio gelako giroa transmititzea eta baliabide guztiak horretarako erabiltzen ditudalako. Azken batean, gaur egun entzuten dugunaren %80 makinekin eginda dago, eta oraindik intuizioz antzematen ez ditugun aldaketen aurrean gaude
Zer ekarriko du aurrerapen horrek?
Hainbat jendek entzuten du makinaz egindako musika eta horrek dakarren aldaketa kualitatiboa izugarria da, arte mota ezberdinak ekarriko dituelako. Oraindik oso modu oinarrizkoan egiten da hori. Musikaria eta sortzailea naizen aldetik, nire burutazioak horretara bideratzen saiatzen naiz, eragin artistiko izugarriak dituelako. Grabatzean teknikak parte handia dauka eta zenbat eta askatasun handiagoa izan, orduan eta positiboagoa izango da. Gero ikusi beharko dugu aurrerapen horrek zer uzten duen bazterrean.
Elkarrizketa batean Robert Wyattek aipatu berri du asko gustatu zitzaiola Ez da posible diskoan sartutako The age of self kantuaren bertsioa.
Sekulako poza eman dit. Ilusio handia egiten dute halako gauza txikiek. Bitxia da gertatu dena kontu honekin. Orain Henry Bengoa Inventarium berriro argitaratzekotan dira, eta hor erritmo kutxa batekin grabatutako The age of self-en bertsio bat azaltzen da. Ni Wyatten jarraitzaile sutsua izan naiz beti eta bere helbidea lortu nuenean bidali egin nion kaset bat bertsio horrekin. Astebetera postal bat bidali zidan esateko lege kontuekin ez kezkatzeko eta bere kantu bat Europako hizkuntza zaharrenean entzuteak sekulako ilusioa egiten ziola. Disko honetan Free will and testament kantuaren bertsio bat egitekotan izan naiz

Mikel Lizarralde