Euskaldunon Egunkaria
------------------------------------------------------------------------
Egunkariak, Galdeiozu izeneko atalean bere irakurleei ematen die egunero eta astebetez pertsona bati galderak luzatzeko aukera. 2002. urtarrilaren 2 tik 6ra Ruper Ordorika da elkarrizketatua

------------------------------------------------------------------------

Zure kanten letrek bilakaera bat izan dute: zeurerik ez izatetik denak zeureak izatera. Ausartago bilakatu al zara? >>Ander Telletxea (Oiartzun)
Alde batetik, identifikazio handia behar dut testu bat musikatu eta kantatzeko. Bestetik, nonbait bilakaera naturala izango da orain neure testuekin ibiltzea. Hitzak eta doinua batera ekartzeko asmo horretan dena da zilegi. Gauza bat esango dizut: neuk egindakoak bezain hurbil sentitzen ditut inoiz liburutik atera eta musikatutako poemak. Dena den, iruditzen zait poliki-poliki aurrera noala hitzak eta doinuaren arteko hori gehiago ezagutzen. Badakit poema on batek ez duela derrigorrez kantu on bat egiten, ez eta doinu on batek kantua segurtatzen. Ausartago al nabilen? Ausardia baino gehiago, konfiantza kontua izango da. Pentsatzen jarrita, ez ote zen ausardia handiagoa bere garaian Esparta, Liliput kantatzea.

Zer bilatzen duzu zuzeneko kontzertuetan eta zein da jasotzen duzun sentsazioa? >>Jon Ruiz (Donostia) Entzulearenganako zubi bat bilatzen da, nonbait, zuzeneko emanaldietan. Musika, beste zenbait espresiobide ez bezala, entzuleen aurrean gauzatzen ahal da eta niretzat osasungarri izan ohi da: sendabelarra. Kantuak esateko gogoa edukitzen dut eta neure musikari lagunekin bat egin eta gozatzeko, zubiaren erdiraino behintzat joan gaitezen. Gauza da kontzertuetan gorabehera handiak izaten direla eta sentsazioak ere horrela ibiltzen direla: gora eta behera. Zenbat eta gehiago ibili kantuan, are gehiago estimatzen dut entzutera etortzen zaiguna.

Ruper, berandu zabiltza? >>Miren Suberbiola (Iruñea)
Ahal bezala nabil, ahal bezala. Gehienetan goiz, batzuetan berandu eta, hori bai, oso gutxitan garaiz. Kontua ibiltzea bera omen da. Geldirik ez egon etab. Badakizu ipuina: munduan beste asko lez bazihoan behin Ehunzangoa eta bidean topo egin zuen Armiarmatxoarekin. Honek galdetzen dio: «Hi, Ehunzango, zelan itten dok hik ibiltzeko? Lehenengo ezkerreko zangoa eta gero eskumakoa eragin ala lehenengo ezkerreko berrogeitahamarrak eta gero eskumako berrogeitahamarrak ala binaka ala...?». Galdera entzunda Ehunzangoa pentsatzen jarri zen eta ez ei zen sekulan gehiago ibili.

Aspaldian‚ abestian kontatzen dituzunak zure bizitzako pertsonaia eta gertakizun errealak dira? >>Iñaki Peña eta Maider Kortajarena (Bilbo eta Errenteria)
Bai. Aspaldian amama Gregori zenari egindako kantutxoa da, ondo bihotzean daukadanari egindakoa. Doinua egina neukan eta amamari abesti bat egiteko gogoa ere bai, baina denbora behar izan nuen. Uste dut gure ohituretan zail egiten zaigula familiaz aritzea intimitatetik kanpo. Anglosaxoiek beste modu batera hartzen dute gaia: badira inglesez kantu ederrak etxekoei buruz, erromantizismotik urruti. Amama Gregorik bazuen aspaldiko bere munduaz oroimen bizi-bizia eta ironikoa ere bai. Jaiotzez Ataun San Gregoriokoa, maisu- maistra euskaldunak izanik, aitxitxe Eliasekin batera eraman zuten Bizkaiko lehen eskola euskaldunetara, Errepublika garaian, aspaldian.

Zein da Martin Larralde kantaren esanahaia? >>Ainhoa Etxarri (Iruñea)
Joseba Sarrionandiaren poema honek harrapatu egin ninduen, bat-batean: lehenengo kantua osatu nuen, eta gero pentsatzen jarri. Poema eder hori ikusi egiten da. Baita usaindu ere: leun igotzen den kearen usaina... Martin Larralde Bordaxuri ez zen sekula itzuli Hazparnera, galeretan hil zen. Galerianoaren khantorea idatzi eta nork gordetzen zuen gogoan koblakari hura?: Inork ere ez du koblakaririk behar. Urrutira behartua denak badaki sorterriko egunerokoa krudela dela. Ohiturak, erruak, barkamenak ahaztura babesten dutela, Hazparnen nahiz Durangon.