RO

1970 aldera Euskal Hiria osatze bidean zen. Ordu arte inoiz ere ez ziren batera joan izena eta izenlaguna. Ahoz aho zebiltzan euskal Mendia, Lurra, Aberria; baina mundua benetan zabal egiten duen espazio pribilejiatu horrek debekatua zirudien euskaraz jardun nahi zuenarentzat, izenlagunak zehazten duen hizkuntzan espresatu nahi zuenarentzat. Bazirudien norbaitek, Denboraren jabeak, esaterako, honako agindua emana zuela: “ hizkuntzaz aldatu ala lekuz aldatu”. Eta horrek, ROri dagokionez, zera esan nahi zuen: “ Adixkide, musika erromantikoa edota abertzalea egin beharko duk. Bestela jai daukak”. Mezua arras argia zen. Bakardadea zekarren. Eta gainera, madarikazioa zen, tranpa bat.

ROk bakardadeari eutsi, eta aurre egin zion bide luzeari kemenez eta intelijentziaz. RO madarikazioaz ahaztu zen: hasiera-hasierako diskoetatik erabili dituen gaiak denetarikoak, orokorrak, laikoak izan dira: labanderia bat, furgoi beltza, emakume baten bisita...RO ez zen tranpan erori: mugaren bestaldera jauzi egin beharrean, haren ondoan geratu eta bere historia onartu zuen. Ez zen bihurtu ipuinetako kamaleoi, edo Musikaren Banku Nagusiaren sukurtsal. Ez da Turistentzako Nazioarteko Euskal Kantaria. Kantari berezia izaten jarraitzen du, hainbeste maite eta gorroto duen Euskal Hiriarekin, hain hurbil eta urruneko zaion Euskal Hiriarekin konprometitutako hitz eta doinuak eginez.

Bernardo Atxaga