Gara
------------------------------------------------------------------------
«Mundu zailetara joan beharrean, bide errazago bat aurkitu dut»
Nazioarteko punta-puntako musikariekin grabatu du Ruper Ordorikak «Hurrengo goizean» diskoa, baina ur handitan sartu beharrean, xumetasunaren aldeko apustua egin du. Lehenbizi, oinarrietara jotzen duen azken lan honetan arnasa errespetatzen saiatu da. Biluztasunerantz jotzeak ez du baina, elaborazio faltarik ekarri, Ordorikaren lana sakon landutakoa baita. Gaur Santurtzin aurkeztuko du zuzenean diskoa Mugalariekin batera. Bihar Tafallan izango da, igandean Urruñan eta astelehenean, berriz, Bartzelonan. Ruper Ordorikari ametsa egia bihurtu zaiola esan daiteke. Azkarateko Katarainen estudioetan grabatutako "Hurrengo goizean" diskoan luxuzko lankideak izan ditu: Lou Reed musikariaren baxu-jotzaile den Fernando Saunders, Bill Frisell gitarra-jotzaile ospetsuaren azken diskoan baterian aritu den Kenny Wollensen eta aurreko bi diskoetan ere berarekin lan egin duen Ben Monder gitarrista. Eta kalitatez hornitu ondoren, kantu garbi eta naturalak atera zaizkio.
Orain arte argitaratu dituzun lanetatik biribilena al da «Hurrengo goizean»? "Hurrengo goizean" lan anitza da hau. Kantuek norabide asko dituzte, ez dira norabide bakarrekoak, eta alde horretatik disko osatua da. Uste dut nolabait erakusten duela nirea dela. Saiatu naiz lana ahalik eta txukunen egiten eta, alde horretatik, pozik geratu naiz, ez baita hori beti gertatzen. Uste dut nik egin nahi nuena disko horretan dagoela.
Idazle eta hainbat musikariri entzuna diet denboraren poderioz xumetasunera jo dutela beren obretan. Zuri ere gauza bera gertatu al zaizu? Ni saiatu naiz hasierako arnasa gordetzen, eta horrek eraman nau "Dabilen harrian" diskoan erabilitako metodo batera, alegia, elkarrekin grabatzera. Horrek badu zuk esaten duzunetik zerbait. Ni saiatu naiz lehendabiziko arnasa errespetatzen, hasierako hori baloratu eta zaintzen. Horixe nahi nuen eta, arrazoi duzu, disko honekin oinarrietara jo dut. Badirudi elaboraziorik ez duela, baina badu, landutako diskoa da eta. Beraz, inprobisazio hori aurrez aztertua izan da. Horixe da. Hasieran sortutakoa gordetzea zen nire erronka.
Zertan nabaritzen da diskoan berezkotasun hori? Ez dauden gauzetan. Uste dut musikari handiek bakarrik egin ditzaketela gauzak hain samur edo samur itxurakoak. Ez daude nik maiz erabili ditudan pasarte landuak, korapilatsuak. Nik azken diskoetan doinutik hasita egin dut lan eta uste dut horrek eraman nauela askoz ere eremu formalago batera. Askoz gehiago erabili ditut errimak, errepikak. Bestalde, soinuetan eta nahasketan ere saiatu gara ahalik eta naturalen jokatzen, eta, beraz, efektu munduan oso baliabide oinarrizkoak erabili ditugu.
Fernando Saunders, Ben Monder eta Kenny Wollensen musikari handiekin grabatu duzu. Egia bihurtutako ametsa izan al da? Musikak niretzat duen gauzarik onena nik miresten ditudan musikariekin jo ahal izatea da. Monderrekin jada hirugarren diskoa dut. Nik halako batean oso garbi ikusi nuen askotan oso mundu txikian jokatzen dugula, eta norberak asmo bat izanez gero eta horrek nonbait pisua edukiz gero, berehala lortzen dela komunikazioa. Zenbat eta musikari hobea izan, orduan eta samurrago jotzen da oinarrira. Nik urtetan izan dut harremana musikari hauekin eta lagun onak egin gara. Badugu elkarren artean komunikazio arin bat. Oro har, amets bat dela uste dut.
Ekinaren ekinez lortzen den fruitua. Askatasuna eman al diezu musikari horiei? Bai, jakina. Nire kantuen inguruan hasi eta gehienetan beren martxan uzten ditut. Horrek aldaketa bat eskatzen dit niri, eta oso zabalik jokatzea.
Grabazioa atzerriko musikariekin egin duzu eta zuzeneko emanaldietan Mugalariekin arituko zara. Diferentzia handia al dago? Maiz egin dudan gauza da eta nik horretan ere aise jokatzen dut. Nik neronek asko eskertzen dut niri gustatzen zaizkidan musikariekin zuzenean aritzea, badakit zenbaitek nahiago dutela grabaziokoei eustea, baina hemengo musikariak ikaragarrizko maila duten interpreteak direnez, ez dugu inoiz inolako arazorik izan. Nire ustez, horretan ez dugu beldurrik izan behar.
Entzuleak disko hau nola hartuko duela uste duzu? Entzuleak disko hau gustura hartuko duela uste dut. Ez dakit zergatik esan behar dudan hau, baina halaxe pentsatzen dut.
Disko honen bitartez zuk daukazun entzuleria fidelaz gain beste entzule mota bat ere erakarri dezakezula uste al duzu? Egia esan, ez dakit. Kopuruari begiratuz gero, hori gertatzen ari dela suma dezakegu. Uste dut norberak baduela entzule mota bat buruan eta nik neronek izaten dut bat hasieratik, asko eskatu eta txalo asko egiten dizkidana. Babesa ematen dit, baina babes horrek berak entzuleei asko ematera behartzen nau gero. Entzule mota horrek hor jarraitzen du.
Abestiak konposatzen dituzun unean buruan izaten al duzu entzuleria? Bai. Beno, lehenengo momentuan ez. Saiatzen naiz lehenengo arnas hori gordetzen, baina gero ofizioa dator eta hor bai, hitzetan eta, kontuan izaten dut gure mundua. Musikan, ordea, ez. Nire hari matazari egiten diot tira.
Ba al dago gai nagusirik disko honetako hitzetan? Denetarik dago. Oso gutxitan egiten dut gai bati buruzko kanturik. Egin izan ditut eta disko honetan badago baten bat, baina gehienak kantuak dira. Nire eredua kantu zaharrak dira. Hauek batzuetan oso zuzenak ematen dute, baina ez dira zuzenak, zeihartasun bat dute, eta nire ustez, badago hor iturri bat neure sentimenduak kanporatzeko. Batzuetan pentsatzen dugu kantu ona iritzi logiko bat ondo adierazten duena dela, eta badira tankera honetako kantu zoragarriak, baina maiz guk maite ditugun kantuek ez dute horrelakorik adierazten. Kantatuz gero, hitzek indar magiko bat hartzen dute. Egunero erabiltzen dugunak kantuan jarriz gero, beste oihartzun bat izan dezake eta hori da kantua. Bestalde, disko honetan saiatu naiz esanindarraren balioa ere onartzen.
Nola deskribatuko zenuke egin duzun ibilbidea? Ez dakit. Ez diot inongo arauri jarraitzen honetan eta gauzak etorri bezala egin ditut. Konturatzen naiz barrutik ari naizela lanean, nahi nuen bezala, hobeto ulertzen dudala nire eginkizun hau eta, beraz, hobeto ulertzen dudala nik neure burua. Kantuan egitearena osagarri bat da, terapeutikoa. Nire ustez, nire ganbarako guztiak ateratzen ari naiz eta oraindik asko daukat egiteko eta ikasteko. Oso gertu daukat hau dena, ezin dut deskribatu.
Baina Ben Monderrekin lan egiten hasi zinenetik aldaketarik gertatu al da? Nire ustez, bai. Badago hor eten bat. Une batean aurkikuntza bat egin nuen. Nik kantuak egin eta horren alde jokatu behar nuela iruditu zitzaidan. Ez zela musika onik baldin eta kantuari ez bazion laguntzen. Kanpoan egon nintzenean zenbait musikari ezagutu nituen eta jakin nahi nuen nire kantuak halako testuinguru batean ondo ibiliko ote ziren. Ongi asko ikusi nuen baietz. Nire kantuek harrezkero beste itxura bat dute eta pozik daude hor. Beraz, kantuak beste modu batera osatzen hasi nintzen. Gauzak samurtzen hasi, eta dena batera etorri da ondotik. Nire harridurarako, mundu zailetara joan beharrean, bide errazagoa bilatu dut.
Karmele Jaio