Berria
------------------------------------------------------------------------
Kantuen alde
Azken urteotan, bide bat aurkitu izanak ematen duen konfiantzarekin ari da lanean Ruper Ordorika. Sobran dauden geruzak kentzearen aldeko apustua egin du kantari eta musikari oñatiarrak, naturaltasuna eta grabazio unearen bat-batatekotasuna bilatze aldera. Hurrengo goizean aurreko diskoak erakutsi zuen bidea aurkitu zuela, eta Kantuok jartzen ditut lan berriak berretsi egin du orduan pentsatutakoa.

So ik' so (1995) grabatu zuenetik, Ben Monder gitarrista newyorktarra izan du lagun estudioan Ordorikak, eta gerora, New Yorkeko inprobisazio munduko beste musikari handiak joan zaizkie biltzen. Kenny Wollesen bateria jotzaileak hirugarren diskoa du euskal kantariarekin eta, oraingoan, Jonathan Maron Groove Collective taldeko baxu jotzailea gehitu zaizkie. Hirurak musikari bikainak dira, baina Kantuok jartzen ditut-en ez dute inoiz nabarmentzeko ahaleginik egiten, Ordorikaren kantuek esaten dutenaren aginduetara daudelako. Horrek ez luke, ordea, beraien lana ezkutuan utzi beharko, Oñatikoak nahi duen giro eta tentsioa sortzeko ezinbestekoak direlako. Adibide batzuk bakarrik aipatzearren, aipa ditzagun Kantuaren gauza galdua-n taldeak lortu duen tentsioa Arkaitz Minerren biolinak lagunduta, Mila legoa-n Wollesenek ezarri duen erritmoa eta Esan gabeko arrazoia-n Monderrek marrazturiko paisaia elektrikoak. Era berean, Ruperrek berak ahotsarekin egindakoa ere nabarmendu beharra dago; hitzak eta esaldiak ahoskatzeko eta interpretatzeko moduan ñabarduraz beteriko lana baitago.

Kantu ederrez beteriko diskoa osatu du Ordorikak. Zaindu maite duzun hori single-ak ezin hobeto egiten du bere lana, baina Iratzarri ere izan zitekeen. Beste batzuk (Haize goxoarena, Mila legoa) tempo ertainean kokatzen dira goxo, eta intimismoz beterik dago Ene gogoan zena

Mikel Lizarralde