Berria
------------------------------------------------------------------------
Esperimentua
RUPER ORDORIKA
Lekua: Bilboko Kafe Antzokiko Ganbara.
Eguna: Otsailak 27.
Jende kopurua: 150 lagun.
Iraupena: Bi ordu eta 15 minutu.

Periferiak jardunaldiek modu berriak bultzatu dituzte: adibidez, Ruper Ordorika ekitaldi akustiko batean, Jon Piris kontrabaxu jotzailearen laguntza bakarraz. Oñatiko kantaria gustura zegoen, areto txikia beteta, jendea hurbil. Eta gidoi on bat garatu behar den moduan, kantu zaharrenarekin hasi (Atxagaren Hi hintzena) eta berrienarekin amaitu zuen (Zaindu maite duzun hori). Bitartean gauza bitxi batzuk pasa ziren: kantu zaharrak (Herdoilarena, Ene herrian, Hamabostean behin, Crack) eta kantu berriak (Bihotz begiekin, Done ezer ez da ezinezko, Egin kontu, Aspaldian -Amama Gregori gogoan-, Martin Larralde, Kantuaren gauza galduaÉ). Salbuespen bakarra topatu genuen: Hiru Trukuk grabaturiko Ana Juanixe lelo tradizionala, kontrabaxua isilik zegoela.
Atsedenaldia amaitzean, Jose Luis Padron poetak hitzaldia bete zuen Ruperren leloak baliatuz, entzuleek -ruperzale amorratuek, antza- txalo beroez onartu zutena. Oñatiko kantariak azalpen ugari eman zizkigun eta ondoan Jon Pirisek lan sakona egin zuen, gehienetan pizzicatoan beste batzuetan arkuan. Azken ataleko kantu batean Lou Reeden Walk on the wildside-ren aireak antzematen ziren. Amaitutakoan entzuleek zutik eta txalo berotan agurtu zuten bikotea.

Joseba Martin