1980an, ANPHORA HAUTSI zan eta ezohiko kantugile bat ezagutu genduan. Disko arraroa garairako: berezia zan musika, estrainioak berbak, eta kantariaren boza be ez zan arrunta. Euskara-irakasleak Ruper Ordorika izeneko baten zinta ipinten euskun klasean eta, halantxe, gure gaztaroko ordu batzuk markatu beste erremediorik ez jakon geratu.
Laster, barriro agertu zan, bera NORUEGAKO ERREGE ez zala esanez. Gora eta behera egiten eban soka baten moduko ahots ilunagaz, silaba luzeetan eta nota baxuetan olgetan geratzeko proposamena egiten euskun. Bernardo Atxaga, Jimu Iturralde, Sarriren poemak eta Ruperren beraren lehen testuak soka elektrikotan, bateria seguru eta mandolina gardenetan bilduta ikasi genduzan... nahiz eta betiko geratu ginan furgoi baltzaren destinoaz intrigatuta eta bertan bueltatxo bat emon ezinaz penatuta.
1985. Rock gogorraren zipriztinak. BIHOTZERREAK sortu. Badakigu zer dan bihotzerrea, estomaguko molestia, bai, baina igual, kasu honetan, medikura Joan zan aguretxo xelebrearen txistean lez, "korason kemau" be bai, ezta? Sasiak erreteak bihotza erreten dau, eta begiak be bai.
Eta gero, bost urtetan zehar, batzuetan lagun batzuekin— Hertzainak taldearekin—; bestetan beste batzuekin HENRY BENGOAREN bila. Baekian berak "bidaiaz akiturik ongi-etorria aurkituko ebala lagun berriengan". Betaurreko lodi, patilla handi eta marradun alkondaradun gazte bat ikusi genduan errepide huts eta luze baten, gitarra eskuan eta geuri begira. EZ DA POSIBLE.
"Unibertsala izan nahi badozu, hitz egin zeure herriaz". Horixe dinoe asko dakienek. Kantugilea New Yorkera Joan zan eta katalejuekin begiratu eban Euskal Herrirantz. Begira eta begira, altxor bat aurkitu eban: Mendebaldeko kantu tradizionalak. Eta beste turku birekin —Joseba Tapia eta Bixente Martinezegaz— alkartuta, HIRU TRUKU asmatu eta deliziak platerean bistan jarri euskuezan. Interpretazio-modu barriztatu bati esker, geureago bihurtu eben geure folcka, geure kantu zaharretako malenkolia eta umorea, arrosatxuak eta krabelinak (txanda bitan: 1994an eta 1997an).
SO'IK SO' (1995) Ruper, 1995ean. Ireki begiak. Aldatu egin naz. Betikoa naz. Aldatu egin gara. Betikoak gara?
Ze estrata, kale eta bide asko dagoz egon Ruperren kantuetan, beti aurrera begira, bideak galbideak izan arren. Izan be, ibiltea da kontua: DABILEN HARRIAri ez jako goroldiorik egiten. Musikaria bere harriari sakatzen, eta ez bide errezetik. Badakigu "ez dela erraz nabigatzea, ez itsas barean, nahiz ontzi ederrean bakarka..." baina zer "Besarka ezazu asmo eder bat gogotik, oratu ezazu gaurko eguna besotik".
Atzotik GAUR bitartean, erreibindikatu ditu pertsonaia gogoilunak, oroimenak eta oroiminak, urratsak edurretan, ezer kontateko ez daukeen gizakiak, euren historia isila aldean daroen ezezagunak. Diskoetan sortutako giro horrek rupertozale fidel asko erakarri ditu.
Azken baten, aspaldi apurtu zan anforaren pusketak ez ditu hautsak estali. Hara eta hona ibili dira, airez edo lehorrez, eta ibilian, jatorri askotako eta molde desbardineko musikariak ezagutu eta musikagintzara ekarri eta aberastu. Uztailaren 26an, gabeko hamaiketan, Lekeitiora heldu dira, gure memorian geratzeko, ez alperrik, MUGALARIS lagunduta, musikari konplizeak alboan, aspaldiko banda, mugak gainditzeko. Guk gordeta dugu, bai, "desiorik onena: sasoi lainotsuetan ere, HURRENGO GOIZEAN ere, ustekabean, agerian geratu daitela elkarrenganako bidea".
Miren Agur Meabe (02-7-26)