Zabalik
------------------------------------------------------------------------
"Disko berriak orain arte lortu ez dudan irekitasuna dauka"

Zuzenekoa atera ondoren, estudioko lan berria du Ruper Ordorikak, Hurrengo goizean (Metak). Durangoko Azokan diskorik salduenetarikoa izan da, eta oñatiarraren kantugintzan urrats berritzailea da. Musikari amerikarrekin grabatu badu ere, ohiko Mugalaris bandarekin joko du. Ostegunean, Donostiako Egia auzoko Jareño Kultur Etxean izango dira. Izena. Ruper Ordorika. Jaioturtea eta herria. 1956, Oñati. Bizilekua. Duela hiru urte sorterrira bueltatu zen, baina Euskal Herriko toki askotan bizi izandakoa da. Hamaika urte zituela Gasteizera joan zen, eta ikasketak Bilbon egin zituen. Txikitan, udan, Mungia eta Bakio ingurura joaten zen familiarekin Lanbidea. Bilbon Filosofia eta Filologia ikasketak egin zituen, baina berak esaten duen bezala, "unibertsitarioengandik urrutien dagoen pertsona naiz".

SOLASKIDE, RUPER ORDORIKA -
Hurrengo goizean... zer? Zein egunen hurrengo goiza izan duzu gogoan izenburua jartzeko tenorean?-
Musikarekin lotutako giro batekin zerikusia du izenak. Inor konbentzitu beharrik gabe jotzen duzun une hori da; aurreko gaueko edo kontzertuaren presiorik ez daukazu, plazer hutsagatik jotzen duzun une horiek dira. Ni oso goizalea naiz, eta maite dudan musikak umore hori dauka, goizeko malgutasuna. Normalean, izenburua hasieratik zehazten dut, baina kasu honetan diskoa osatzen ari zen bitartean jarri genion.

- Ruper Ordorikak inoiz egin duen diskorik onena dela esan dute musika adituek. -
Lehengoan idazle batek hala esan zidan, eta ezin izan nion erantzun. Hala ere, bihotzez eskertu nuen laudorioa izan zen. Egin duzun azken gauza onena dela entzuteak indar pittin bat ematen du. Denbora kontua da, agian hurrengoak honakoa leku txarrean utziko baitu. Aspaldian nire soka aurkitu dudala sentitzen dut, eta horri tiraka nabil. Beti saiatzen naiz nire lana ahalik eta serioen hartzen. Horrela egiten dut, eta ez neronek egina delako, funtsean kantuzalea naizelako baizik.

- Hortaz, entzulea buruan daukazula sortzen dituzu kantuak. -
Ez salmenta aldetik; zorionez edo zoritxarrez, euskaraz dihardugunok ezin dugu parametro horietan mugitu. Entzule naizen aldetik, berriz, haiek nola hartuko duten imajinatzen ikasi dut, denboraren poderioz. Neure buruan beti dago entzulea, euskalduna, gainera. Garrantzi handia ematen diot hizkuntzaren senari, esaten ari naizenak hizkuntzaren barruan euskarria izan dezan.

- Zein nobedade du disko berri honek? -
Zer daukan baino, zer ez daukan pentsatu beharko nuke, zer gauza utzi ditudan bide bazterrean onerako izan direnak. Bernardo Atxagak idazle baten hitzak aipatu zizkidan behin: idazteko lapitza erabili behar da, baina are garrantzitsuagoa da borragoma erabiltzea. Gertutasun handiko lana lortu dugula uste dut, neure kantuari lagundu egiten diona. Azken hiru diskoetan bezala, musikatik abiatu naiz, ez testutik. Ahalik eta gutxien zuzentzen saiatu naiz, eta zuzendu ditudanak leuntzearen aldekoak izan dira.

- Nazioarteko hiru musikari bikain inguratu zaizkizu oraingoan. Zer nolako esperientzia izan da hori? -
Saio horietan sentitu nuenaren laurdena transmititzea lortuko banu, oso pozgarria izango litzateke. Musikak eman didan gauzarik onena, asko errespetatzen ditudan musikariekin jo ahal izatea da. Ben Monder eta Kenny Wollesekin lan egin nuen aurreko bi diskoetan. Lou Reed edo Marianne Faithfullekin lan egindako Fernando Saundersek baietza eman zidanean izugarri poztu nintzen. Elkarlana, nolabait, normaltasunaren ondorio da. Askotan aurreiritziak izaten ditugu geure buruaz. Musikak mugak gainditzen ditu, eta denok ulertzen dugun lengoaia bat dago. Beste batzuetan, aldiz, konplexuz, apologiaz edo harrotasunez asko mugatzen dugu gure eremua.

- Diskoa bat-batekotasunez eta ia entsegurik gabe egina izateko, emaitza ez da makala... -
Aldamenean izan ditudan musikariek inprobisazioa lantzen dute, eta musika eta doinua etorri ahala hartu ditugu, lehenengo arnasaldi hori errespetatu nahi izan dugu. Ez da, ordea, lan erraza: entzuleak giro natural hori antzemateko musikarien kalitatea beharrezkoa da. Estudioan sartu aurretik ez zuten kanturik ezagutzen. Oinarrizko kantua jo, eta horren gainean hasten ginen. Neure estiloari ondo ematen dion formula da.

- Bateria, gitarra, eta baxua baino ez duzu erabili. Doinu xumeak dira, baina oso atmosfera erosoa sortzen du. -
Horrelako diskoak gustatzen zizkit, albumak esaten direnak, hau da, giro bat proposatzen duten horietakoak. Kantuak ezberdinak izan arren, giro bat sortzea gustatzen zait, eta disko honek giro hori sortzea du helburu.

- Zure lan berriak Hurrengo goizean du izena, eta zuzenean egin zenuen aurrekoak Gaur . Etapa berri baten atarian al zaude? -
Ezagun batek esan zidan disko honetan abiapuntu bat bazegoela, ildo honetatik beste hamar gehiago egingo nituzkeela. Erabat hunkituta gelditu nintzen, litekeena delako. Iruditzen zait orain arte lortu ez dudan irekitasun bat trasmititzen dudala oraingoan. Ezin dut esan etapa berri bat denik, gauzak katean ikusi behar direlako, agian hurrengoa Oñatiko Udal Bandarekin egingo dut...
- Nolako esperientzia izan zen Gaur zuzenekoa? - Oso polita, baina lan handia izan zen hiru orduko hiru kontzerturen material guztia entzun, eta zer sartu erabakitzea... Beharrezkoa nuen, ordea. Ordurako kantu batzuk, eta taldea bera ere, beste norabide batean hasiak ziren. Disko hark askatu egin ninduela uste dut: neure buruarekin kontuak garbitu nituen. Bolada oparoa ixtea izan zen.

- Hogei urte igaro dira lehen diskoa atera zenuenetik, Hautsi da anphora. Zer geratzen da Ruper hartatik? -
Funtsean kantuan egin nahi duen pertsona bera naizela uste dut. Atzo goizekotzat dut sasoi hori, orduko musikari askorekin aritzen naizelako oraindik. Interprete gisa, ordea, izugarri aldatu naiz, eta horretan zeresan handia du entzulearengan pentsatzeko joera horrek. Baina, betiko kantuen maitale izaten jarraitzen dut gaur egun ere.

- Pasio duzun ogibidean oso tinko ikusten zaitugu, baina musika uztekotan ere egon zinen, 1983an. Gure onerako, birritan pentsatun zenuen... -
Musika oso lanbide gogorra da, beste edozein profesiotan askoz segurtasun handiagoa dute. Horrez gain, ni mundu honetan behar batengatik sartu nintzen: gogoa nuen neure gauzak egiteko, ez bainuen euskaraz entzuten nik maite nuena. Asmo hori martxan jartzea neketsua da. Jendaurrean ikasi behar izan dugu, eta batzuetan barregarri eta bestetan oso gauza onak eginez ikusi gaituzte. Halako batean, ez nuela nahikoa egiten pentsatu nuen, ez nintzela iristen, eta sasoi horretan musika uztekotan izan nintzen. Gero, Londrestik erabat indarberrituta bueltatu nintzen.

- Beste bidaia batek, New Yorkerakoak oraingoan, zure ibilbideko beste sasoi bat eragin zuen: Hiru Truku. -
Kanpoan egoteak hemengoa hobeto ikusteko bidea ematen dit, bai neure burua bai Euskal Herria bera ere. Ameriketan nengoela erabaki nuen Hiru Truku egitea. Ordu arte ez nintzen ausartu, entzulea nahastuko ote nuen beldur bainintzen: rockerra, kantugilea eta kantu zaharren moldatzaile oraingoan... Hona etorri, eta Bixente Martínezi deitu nion asmoaren berri emateko. Bera oso gizon ordenatua da, ez ni bezala, eta duela hamar urte Ingalaterratik bidali nion gutun bat ekarri zidan: kantu zaharrak lantzeko egitasmoa aipatzen nion. Bi disko atera genituen Joseba Tapiarekin batera, Bizkaiko aspaldiko kantuekin. Ez nuke esango etapa hura bukatuta dagoenik, denborak esango du.

- Azken diskoa musikari amerikarrekin grabatu baduzu ere, oholtza gainean betiko Mugalaris izango dituzu aldamenean. -
Aspaldiko banda dut, ehunka kontzertu egin ditugu elkarrekin: Javi Antoñana, Nando eta Alberto de la Casa eta Iñigo Goldazarena. Kontzertuetan disko berritik abiatuko gara, baina ziur nago denboraren poderioz bere bidea hartuko duela. Beti saiatu izan naiz musikarien ondoan egoten, ez zait gustatzen Ruper gehi izenik gabeko giza taldea aurkeztea. Orduan izen bat bururatu zitzaidan, Mugalaris, gaztelaniaz deklinatua. Gobernuz Kanpoko Erakunde antzeko taldea da: nire kantuei nahigabe ezartzen dizkieten mugak gainditzen laguntzen diete. Horrez gain, neure urteetako baxu-jolea Alberto de la Casa, sortzez Arabako azken herrikoa da, Burgos eta Araba artekoa eta horregatik dago deklinatua erdaraz.

- Maiatzean Maddi Oihernart eta Joseba Tapiarekin musika jaialdi batean izan zinen Uzbekistanen. Nolako esperientzia izan zen? -
Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak hango Frantziako enbaxadaren bitartez jaialdian parte hartzea lortu zuen, eta frantses gisa joan ginen. Uzbekinstanen Errusiatik banandu osteko hamargarren urteurrena ari ziren ospatzen. Oso esperientzia interesgarria izan zen, ikusi baikenuen oso pribilegiatuak garela, benetako izartzat gintuzten. Lehenbiziko kantaldian Uzbekistango kultura ministroa izan genuen aurkezle. Musikari tadjikistandarrak, uzbekistandarrak, kazakhstandarrak eta georgiarrak zeuden.

- Nola ikusten duzu euskal musikaren panorama? -
Oso osasuntsu dagoela esango nuke, Durangoko Azokari begiratu baino ez dugu egin behar. Gaur egungo eskaintza inoiz baino altuagoa da, kopuru zein kalitatez. Hainbat urtetan ez da kantugile berririk agertu, baina azkenaldian, gero eta gehiago ateratzen ari dira, eta oso disko onak egiten dituzte.

HITZ BITAN
Pott Bandan kide izandako Joseba Sarrionandia eta zeu, nor bere alorrean, Durangon gehien saldutakoak...
ez dago gaizki. Ez dakit nola neurtu gauza hauek. Etorkizunera batere begiratzeko asmorik gabeko taldea izan zen Pott Banda, nahiz eta gerora euskal kulturgintzan ondorio handiak eduki. Badirudi han ginen guztiok gure eginkizunetan dihardugula.

Zer izan zen etapa hura zuretzat?
Denborak ematen duen distantziatik esan behar dut, gerora egin ditudan gauza askoren oinarria izan zela giro hura. Taldearen genesia, badakit, Bernardok bultzatu zuen, baina ez dut belaunaldi espontaneoetan sinesten. Harreman oso inportanteak izan ziren, Sarri, Iturralde, Atxaga....

Gero beste dimentsio batzuk hartu ditu talde horrek. Musikari izan ez bazina...
Ez dakit zein bide hartuko nukeen, baina musikari izan ez banintz segur aski hemendik urruti biziko nintzateke, beste nonbait. Nire lana egiteko hemengo lehengai hau behar dut, hitz hauek, mundu hau. Edonola ere, gaztetan ez nuen neure burua kantari ikusten, inondik inora. Ez genuen planteatzen; gaur egun, ordea, hogei urteko gazteek taldeak osatzen dituzte, baina gure denboretan oso zaila izan zen.

Euskal Herritik kanpo ezagutzen zaituzte? Ez al da izen euskaldunegia?

Euskalduna baino, judu-poloniarra ematen du batzuentzat! Ezin naiz kexatu, Madril eta Bartzelonan, nagusiki, jarraitzaile dezente baitauzkat, oso fidelak gainera. Oraindik, alabaina, kontu anekdotikotzat dugu. Murtzia eta Salamankan ekitaldi batzuk hitzartu ditut duela egun gutxi.

Zein da kontzertuetan gehien eskatzen dizuten abestia?
Gezurra badirudi ere, non jotzen dudanaren arabera da. Bilbon, esaterako, ezin da kontzerturik amaitu Berandu dabiltza jo gabe; Iparraldean, berriz, Ez da posible.

Estudioa ala zuzenekoa?
Azkenaldian, egia esan, oso esperientzia onak izan ditut estudioan bertan. Oholtzan, aldiz, duela gutxi hasi naiz gozatzen. Nire iritzirako ez naiz eszenatoki batera igotzeko behar beste ausarta, benetan asko maite behar dut musika errepertorio hori eszenatoki batera igotzeko. Orain, une oso onak pasatzen ditut agertokian. Non igaroko dituzu Gabonak? Hainbat kontzertu ditut tartean, baina nire bizileku izan diren tokietan izango naiz: Oñati, Bilbo eta Gasteizen. Era berean, Nafarroa aldera joko dut.

Aitziber Bilbao